
Sehaska alkarteak LGTBIQ+ Familien I. Jardunaldia antolatu dau Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, eta Bilboko Udalaren eta BBK-ren laguntzeagaz. Lau Haizetara irratsaioan Julen Etxebarren kideak azaldu dauanez, jardunaldiaren helburu nagusiak “gure familien errealidadea ezagutzera emotea eta gure umeentzat eredu anitzak eskaintzea da”.
Gaur Bilboko La Bolsa eraikinean (Pilota kalea, 20) eta bihar BBK KUNAn (Urazurrutia kalea, 3) egingo dan kongresuan, estaduko eta nazinoarteko adituak izango dira hizlari. Bihar, ganera, gazteek eurek hartuko dabe protagonismoa. “Gure seme-alabek be euren ahotsa izan behar dabe, euren esperientziak kontatzeko aukerea” azpimarratu dau Etxebarrenek.
Sehaska 14 urteko ibilbidea daukan alkartea da. Gaur egun 50 familiak baino gehiagok osotuten dabe. Familientzako topagune izateaz gain, euren eskubideen aldeko aldarrikapena da euren oinarrietariko bat. Urtean zehar txangoak eta egonaldiak antolatzen dabez, eta etorkizunean jardunaldi gehiagori jarraipena emotea da euren asmoa. “Ez gara ikusezinak, gure seme-alabak eskoletan eta kaleetan dagoz, eta errespetua eta ikusgarritasuna baino ez dogu eskatzen“, esanez amaitu dau Julen Etxebarrenek.