
Gallartan dagoen Martin Etxeak 6 urte bete dauz migratzaileen eta giza eskubideen defendatzaileen harrera-espazio modura. Sei urtetan, munduko hainbat lekutik etorritako 45 laguni eskeini deutse laguntzea bertan. Martin Etxea egitasmoa 2019. urtean jarri zan abian Gallartako Santa Juliana auzoan dagoen eraikinean. Mundubat Fundazioak etxea jaso eban oinordetzan, Ongi Etorri Errefuxiatuak sareagaz lankidetzan. Apurka-apurka etxea hazten joan da eta 12 lagun hartzetik gaur egun 21entzako lekua daukie. Mundubat fundazinoko Eneko Gerrikabeitiak esan deuskunez, laguntza pertsonalizatua eskaintzen deutse. Euren egoerea erregularizatzeko, lanbide prestakuntzarako, osasun-arretarako eta euren babesten dabezan nazinoarteko erakundeen agenda propioa lantzeko laguntzea emoten deutse. Munduko leku desbardinetatik heltzen dira migranteak bertara. Kasu gogorrakaz aurkitu dira.
Boluntario-sare zabala
Urte eta erdiko egonaldiak egiten dabez Gallartan. Martin Etxeak hitzarmenak daukaz Bizkaiko Lanbide Heziketako zentro nagusiakaz. Honek formakuntzea jaso ahal izatea dakar. Bestalde, alkarte modura eratu dira eta webgune barria daukie. Boluntario-sare zabala daukiela esan behar. Danetarik dago: jubiladuak, eskautak, EHNE sindikatuko kideak, emakumeen alkarte desbardinetakoak… Aurrera begira, erronken artean, harrera hobetzea da asmoa eta horretarako sare bat sortu nahi leukie.