
Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Skabidean eta Amaral taldeen kontzertuak eta Zeanuriko Erroten Ibilbidea nabarmendu doguz.
Barikua
Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, barikuan hasi eta astegoien osoan zehar luzatu egingo dira Balmasedako Erdi Azoka, Arigorriagako Clown eta Pailazoen Nazinoarteko Jaialdia eta Barakaldoko BEC!-en burutuko dan Expovacaciones azoka. Eguneko ekitaldiei jagokenez, arratsaldeko 17:30etan hasiko dira egitasmoak. Ordu horretan, Santurtziko liburutegian, Ane eta Moon, ilargira bidaia ipuina kontauko dabe. Musikaren ildoan, kontzertu ugari izango dira gauean. Esaterako, gaueko 01:30etan Ortuellako Otxarkoaga plazan, Skabidean taldea izango da.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, Derioko jaiak hasiko dira eta Erandioko Folk ekimena eroango da aurrera. Eguerdiko 12:00etan, Mikel Urdangarinek kontzertua eskainiko dau Bermeoko arrantzalearen museoan. Ordubete beranduago, bertso saioa eukiko dabe Bilboko Karmelo plazan, Oihana Bartra, Beñat Gaztelumendi, Aissa Intxausti eta Julio Soto bertsolariekaz. Kontzertuei jagokenez, gaueko 21:00etan Bilbao Arenan, Amaral taldeak kontzertua emongo dau.
Domeka
Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Goizean, Zeanuriko Erroten Ibilbidearen XVIII. edizinoa ospatu egingo da. Eguerdiko 12:00etan, Leioako Manuel Irujo plazan Mesozoica obra ikusi ahalko da. Ordubete beranduago, Indautxuko plazan bertso saioa eukiko dabe Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Alaia Martin bertsolarien eskutik. Ganera, arratsaldeko 19:00etan Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, OTS Haatik dantza konpainiaren ikuskizuna ikusi ahalko da.