Astigarrako Oialume Biltokian emongo deutse amaierea 15 urteko ibilbideari

Zapatuan izango da kontzertua eta sarrerak aspalditik dagoz agortuta

Skakeitan taldearen azken-azkena

Orain dala hile batzuk Skakeitan taldeak ‘Zuekin Azkena’ agurreko girea iragarri eban. Ordutik hona gelditu barik ibili dira zuzenekoak eskaintzen: Herri Urrats, Derio, Abadiño, Gasteiz, Igorre, Ermua, Donostia, Helsinki (Finlandia), Lekeitio, Bermeo, Galdakao, Madril… Asteon itxiko deutse joteari. Zapatuan eskainiko dabe akabuko kontzertua Astigarragako Oialume Biltokian. Sarrerak agortuta dagoz.

Olatz Salvador taldekideak azaldu deuskunez, hasierako asmoa azken kontzertua Donostian egitea zan. Ezinezkoa izan jake baina, toki egoki bat aurkitzea Gipuzkoako uriburuan eta azkenean Astigarragako Oialume Biltokian izango da. Emonaldi berezia izango dala aurreratu deusku Salvadorrek, Skaiketan taldearen bidelagun izan diran hainbat artista batuko jakez, sorpresak egongo dira… Atzera begira jarrita, “ikasitako guztiagaz eta ezagututako jenteagaz” geratzen dala esan deusku Olatz Salvadorrek.

Skakeitan taldea 2008ko udabarrian sortu zan. ‘Ahots gabekoen ahotsa’ (2012) izan zan debuteko diskoa eta ska doinuak ziran nagusi kantuetan. Lan horri esker Bad Manners, Talco, Manu Chao, La Pegatina eta beste hainbat taldegaz jo eben, besteak beste. Estudioko bigarren lana 2014.urtean kaleratu eben: ‘Orekariak’. 2016.urtean plazaratu eben ‘Galera’ diskoa eta urtebete geroago, barriz, ‘Galera Beats’, nahasketen diskoa. ‘Nola galdu denbora´albuma 2019an etorri zan. Disko horregaz Skaiketan taldeak atzean itxi ebazan ska doinuak. Azken argitalpen luzea ‘Eman ez genuen kontzertua´(2021) zuzeneko diskoa izan da, eta beste abesti batzuk, barriz, single lez argitaratu dabez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00