Martia taldea alkarrizketatzeko aukera izan dogu, Andoni Ortiz eta Joana Moso kideek osotuten daben proiektu musikala. 2022an hasi eben ibilbidea, Sopelako inauterietan alkar ezagutu ondoren; kasualidadez, biak musikariz mozorrotuta: Joana Pitbull lez eta Andoni Txikilikuatrez jantzita. Hasierea fokuen atzean izan zan, mendian egiten ebezan lehen entseguak, Andoniri jendaurrean abesteak lotsa emoten eutsolako. Joana abogadua eta Andoni irakaslea izanda, musikak batu zituan orain dala 4 urte.
Denborarekin, Martia proiektuak forma hartu dau, eta orain euren lehen diskoa aurkeztu dabe: Zeru oro urez, zortzi kantuz osotutako lana. Biak dira taldearen arima, abestu eta gitarra jotzeaz gain, kontzertuetan pedalak erabiliz zuzenekoari ñabardura berezia emoten deutsie. Pozik eta ilusinoz dagoz egindako lanagaz, eta igerten da alkarren arteko konexinoa oholtza ganean. Martia izena bapatean otu jakon Joanari, 2024ko martian hasi ebelako diskoaren proiektuagaz, eta hilearen omenez ipini deutse taldeari izena.
Joan dan barikuan, martiaren 20an, Sopelako Kurtzio kultur etxean jo eben, lagun eta familiaren aurrean, giro bero eta hurbilean. Nahiz eta euren erreferente musikal nagusiak ingelesezko artistak izan, diskoa euskaraz sortzea erabagi dabe, euren hizkuntza dalako. Hautu horrekin oso pozik dagoz, eta argi daukie: euren musika euskaratik eta euskaraz mundura zabaltzea dala helburua.
