Aulestik barriro hartu dau euskal antzerkiaren topagune nagusietako bat. Apirilaren 11ra bitartean egingo da aurten ADEL, ArteDrama Euskal Laborategiaren 21. edizinoa, hamarkada bitik gorako ibilbideari jarraipena emonaz eta sektorearentzat ezinbesteko espazio izaten segiduz. Iasone Parada ArteDramako kideak azaldu dauanez, aurtengo edizinoa pozik hasi dabe, parte-hartzaileak iritsi, instalatu eta lehen jarduerak martxan jarri ostean. Ohikoa moduan, antzerki topaketa honeek arte eszenikoen inguruko eztabaida, ezagutza eta alkartrukea sustatzeko helburua daukie.
Paradak gogoratu dauanez, hasieratik argi izan eben beharrari erantzuteko sortu zirala topaketak. Garai hartan ez egoan euskarazko antzerki topaketarik Euskal Herrian, eta hutsune hori betetzeko sortu zan ekimena. Ez eben itxaroten hainbeste urtez irautea, baina urteek erakutsi dabe sektoreak behar dauala holango espazio bat. Izan be, 20. edizinoaren bueltan egindako hausnarketak baieztatu eban jarraitzeko gogoa egoala, bai antolatzaileek, bai antzerkilarien, bai ikusleen aldetik.
Urteakaz ADEL nabarmen hazi da, bai programazinoan, bai parte-hartzaileen kopuruan. Halanda be, hazkunde horrek bere mugak be ekarri dauz, Aulestiko azpiegiturak mugatuak diralako. Antolatzaileek azpimarratu dabe formatuak funtzionatzen jarraitzen dauala, eta batez be, hasierako esentziari eusten deutsiela. Aulestiko herriaren eta herritarren inplikazinoa funtsezkoa izan da urte honeetan. Iasone Paradaren berbetan, konfiantza osoa erakutsi deutse antolatzaileei, eta horrek proiektuaren arrakasta bermatzen laguntzen dau.
Aurtengo edizinoan 16 ikaslek hartzen dabe parte. Paradak nabarmendu dau parte-hartzaileen artean gazte asko dagozala. Horrek erakusten dau belaunaldi barriek interesa daukiela. Antolatu diran sei tailerretan hartuko dabe parte. Aulestiko ADEL topaketetan, tailerrez gain, antzerki emonaldiak ikusteko aukerea be badago egunero. Formatu txikietatik hasi eta proposamen handiagoetaraino, herriko espazio desbardinetan egiten dira. ArteDramaren webgunean topau daiteke egitarau osoa, baita emonaldietarako sarrerak erosteko bidea be.
