
Su beltzaren egunsentia izeneko obra inklusiboa estreinauko da domeka honetan Galdakaon. Musikea, literaturea, dantzea eta zinemaren bitartez, Down sindromea, autismo espektroaren nahastea eta osasun mentala ikusarazotea dira lan honen helburuak. Mikel Bizar abeslari, konpositore eta idazle bilbotarrak sortutako proiektu bat da hau. Laino zoragarri hori izan zan lehen lana eta honakoa trilogia baten bigarren zatia da. Mikel Bizarrek esan deusku bere bi munduak alkartzeko modua izan dala, hau da, musikea eta Apnabin egiten dauan lana. Autismoa daben pertsona eta familien alkartea da Apnabi.
Asmatutako istorioa oraingoan
Laino zoragarri hori liburua eta diskoa izan zan. Ama batek semeari idazten deutson istorioa izan zan. Itzelezko harrerea izan eban lan honek. Bosgarren argitalpena gaztelaniaz kaleratu eban Bizarrek. Bigarren lan honetan, Biarte Akademiako eta Euskal Herriko Down sindromearen fundazinoko neska-mutilek osotzen daben Fun Up konpainia inklusiboak interpretauko dau. Proiektu honetarako sortutako konpainia da honakoa. Musika klasikoa, rocka eta dantza klasikoa zein garaikidea buztarten dira Su beltzaren egunsentia lanean. Asmatutako istorio bat da ardatz oraingoan. Down sindromea urteak aurrera egin ahala zelan garatuko dan ikusi ahal izango da. 6 dantzari arituko dira taula ganean eta musikaz gain, bideoklipak eta filme-laburrak be eskeiniko dira. Su beltzaren egunsentia obra inklusiboa Galdakaoko Torrezabal kultur etxean estreinauko da domekan. Udan zehar ez dabe eskeiniko baina ostean, abendura bitartean, leku desbardinetan eskeiniko dabe, tartean, Madrilen. Azken emonaldia abenduan, Bilbon, izango da.