Swim Camp Getxo taldeko Maria Casillasek, Lara Vicandik, Ane Ibarrondok eta Naia Ibarrondok Europako eta Munduko errekorra lortu dabe errelebo modalitatean. Bizkaiko taldea Sao Joao da Madeiran (Portugal) egon da, XXV. Masters Verao txapelketan lehiatzen. Hori dala eta, Maria Casillas Bizkaia Irratian egon da berbetan.
Casillas oso pozik agertu da joan dan astegoienean Portugalgo txapelketan lortutako emoitzakaitik. Onartu dau oindino taldeak ez dauela sinisten lortutakoa: “Oso pozik gagoz, astegoien polita izan da“. Taldeak oindino ez dau festarako denpora askorik euki, domekan denporaldiko azken txapelketa daukie eta. “Egun horretatik aurrera oso ondo ospatuko dogu“, dino galdakaoztarrak.
Txapelketei jagokonez, 4×100 estilo+100 proban, Europako errekorra 4 ’42 “20 zan, eta lau igerilariek 5 segundoan hobetu eben denpora, 4′ 37″ 39 eginez. Casillasek onartzen dau ondo ekiela gainditu beharreko denpora berria, baina ugerlekutik urten arte ez ebela jakin: “Bagenkian lortu genduala, baina denpora ofizialaren zain gengozan“. Munduko errekorrari begira, 4×50 crol +100 proban 1’49″9 denpora egin eben. Aurreko denpora 1 ’50 “28 zan, 2016koa, eta zortzi urte ondoren segundu bat baino gitxiagoan hobetu dabe.
Errelebo proban lau igerilarien arteko harremana eta sinkronikazioa ezin hobea izan behar da. Gainera, kontuan izan behar da laurek denpora personala hobetu behar dabela, eta horrek are gehiago zailtzen dauala marka berria lortzea. Galdakaoztarrak argi dauko lau kideen artean erlazino ona euki behar dala: “Taldean argi daukagu igerian ondo egiteko zoriontsuak izan behar garela, eta horretarako giroa ona izan behar da”.