
Donald Trumpek proposatutako bake planaren inguruko negoziazinoak hasi dira gaur Egipton. Hamasen atentatuen bigarren urteurrenaren bezperan hasi dira bilerak Sharm el Sheij urian. 2023ko urriaren 7ko erasoen ostean, Israelen etenik bako erantzuna etorri zan, milaka hildako eragin dituana Gazako Zerrendan erasoengaitik eta goseagaitik. Ia 68.000 pertsona hil ditu Israelek 2023tik momentu honetara arte.
Egoeraren larritasuna ikusita, Txente Rekondo nazinoarteko adituak uste dau konponbide politikoaren aldeko apustua egin behar dala: “Diplomaziari aukerea emon behar jako”. Dana dala, Rekondok dino Trumpek proposatutako bake planaren alde negatiboak positiboak baino gehiago dirala, esaterako, ez dalako egon Palestinako ordezkaritzarik bake planaren sorkuntzan edo Zisjordaniaren egoerea alde batera itxi dalako.
Gaza distrakzinoa da Europarentzat?
Ukrainari jagokonez, hiru urte eta erdi baino gehiago bete dira Errusiak bere mugak gainditu eta Ukrainan eskala handiko esku-hartze militarrari ekin eutson momentutik. Kasparov munduko xake txapeldunaren ustez, Gaza distrakzinoa da Europarentzat, Europaren etorkizuna Ukrainan dagoalako jokoan. Horren inguruan be hausnartu egin dau Rekondok: “Europar Batasunak eta NATOk mugimenduak egin dabez azken boladan Baltikoan”. Beraz, Europak ez dau Ukraina alboratu, azken hilabeteetan bere fokua Palestinan jarri arren.