2022ko zezeilaren 24an ekin eutson Errusiak Ukrainako inbasinoari. Beraz, lau urte bete ziran atzo Errusia Ukrainan sartu eta gerra hasi zanetik. Harrezkero makina bat lagunek alde egin dabe bertatik, batzuk geurera, eta hildako eta zaurituak asko izan dira alde bietan. Neurri ugari hartu da urteotan, Errusiaren kontra batez be, eta Europako Batasunak Errusia isolatu dau. Bizkaia Irratian Txente Rekondo nazinoarteko adituaren eskutik heldu deutsagu gaiari. Rekondok uste dau Errusiaren helburua ez dala Ukraina guztiz suntsitzea, lurralde batzuk bereganatzea baizik: “Errusiak ez dau bere osotasunean erabili aukera militar guztia”.
Bake negoziazinoak be sarri aitatu doguz, batez be, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente danetik. Hasieran alde bikoak ziran eta azken aldion hirukoak, Errusia, Ukraina eta Ameriketako Estatu Batuak dagozalako inplikatuta. Dana dala, behin betiko bakerako akordiorik ez da lortu oindino, bakotxak “bateragarriak ez diran helburuak” ditualako Rekondoren esanetan. Beraz, urtenbide politiko eta diplomatikoen alde dagozala aitatzen da batetik, baina bestetik, Errusia ez dagoala etsitzeko prest eta bere helburuak bete arte gerran jarraituko dauala. Halanda be, baikorra da Rekondo. Adituak uste dau negoziazinoaren bidez konponduko dala gatazka, gehienetan gertatzen dan moduan.
AEB-Iran
Bestalde, Irango egoerea be jorratu dogu Rekondogaz. Ameriketako Estatu Batuetako tropak Ekialde Hurbilean dagoz, Iranen esku hartzeko prest akordio nuklearrik egon ezean. Horren harira, adituak ez daki akordiorik egongo dan edo ez, Trump boterera heldu zanetik modu iragarrezinean jokatzen dabilelako Etxe Zuria: “Kanpo politikan interes oso desbardinak dagoz, orain dala gitxi Venezuelan ikusi dogun moduan”. Ganera, ez dauka argi Ameriketako Estatu Batuetan auzitegiek Trumpen muga-zerga edo arantzelen aurka egin izana esanguratsua izango dan bere erabagiak hartzerako orduan.
