Egoera luzatzeak hondamendia eragin leike bertan eta munduko ekonomian

Nazinoarteko adituak gerraren atzean dagozan arrazoiak plazaratu deuskuz

Txente Rekondo: “Ez dot uste gatazka amaituko danik, oso eraso bortitza izan da”

Nazinoartean, Iranen daukagu begitadea egunotan / DepositPhotos

Nazinoartean, Iranen daukagu begiradea egunotan. Orain dala aste pare bat Txente Rekondo nazinoarteko adituagaz berbetan egon ginanean, Goizeko Izarretan irratsaioan, esan euskun adi egoteko Irango egoereagaz eta handik gitxira hasi eben erasoaldia Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek. Orain, nazinoarteko adituak gerraren atzean dagozan arrazoiak plazaratu deuskuz: “Arrazoi ofizialak beste batzuk izan arren, zonaldearen ganeko hegemonia dago jokoan lehia honetan”.

Izan be, Ameriketako Estatu Batuak eta Israel alkarregaz dabilz Iranen aurka, baina Israel bera badabil Libanoren kontra erasoak egiten be. Bien bitartean, Iran inguru guztira erasoak egiten dabilela emoten dau. Rekondok esan deuskunez, gatxa da Ekialde Hurbilean dagozan aliantzen eta arerioen korapiloa guztiz askatzea.

Bitartean, gerra laster amaituko dala esan dau Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Dana dala, Rekondok ez dau uste holan izango danik: “Ez dot uste gatazka amaituko danik, erasoa oso bortitza izan dalako. 200 bat ume hil dira eta Ali Jameneiren irudia garrantzitsua zan erlijinoan”. Kontua da egoera hau luzatzeak hondamendia eragin leikela bertan eta munduko ekonomian be. Hori dala eta, Rekondok dino Ameriketako Estatu Batuei gerra laster amaitzea komeni jakela.

Bitartean, Iranek Mojtaba Jamenei aukeratu dau agintari barri lez. Mojtaba Jameneik 56 urte ditu eta Ali Jameneiren semea da. Ondorioz, Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen dianan dago eta bizirik irautea kostauko jako: “Ameriketako Estatu Batuen kanpo politika ikusita, batek daki zer gertauko dan. Dana dala, Iranen argi dabe sistema pertsonen gainetik dagoala”.

Europaren jarrerea

Europari jagokonez, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen azken adierazpenek nahiko arriskutsuak emoten dabe: “Europak ezin dau munduko orden zaharraren zaindaria izan, desagertutako mundu baten”. Horren harira, Rekondok uste dau Von der Leyenek bere etxea zaindu behar dauala lehenik eta behin, bere jarrerea ulertu arren: “Baten batek esango dau gauza bera gertatzen dala Europar Batasunaren funtzionamenduan. Jarrera hori ez dago Hungaria lako herrialdeetan esaten diran gauzetatik urrun”.

Beste albiste eta podkastak...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00