Euskadiko eta Nafarroako familiekaz azken hilabete biak partekatu ondoren, uda honetan CHERNOBIL elkartearen harrera-programan parte hartu daben Ukrainako 92 haurrek pasa dan astean ekin eutsien etxera itzultzeko bidaiari. Aurtengo itzulerak, ganera, barrikuntza garrantzitsua ekarri dau: gerra hasi zanetik lehen aldiz, haurrek bidaiaren zatirik handiena hegazkinez egin dabe. Programak garraiobide hori erabili ahal izan eban azken aldia 2021ean izan zan, Errusiak Ukraina inbaditu aurretik.
Lide Alvarez CHERNOBIL elkarteko kideak esan deusku uda oso ondo joan dala. Haurrek gerraren ondorioetatik eta Txernobyl inguruko eremuetan oindino be eragina dauan kutsadura erradioaktibotik aldentzeko aukerea izan dabe aldi baterako. Egonaldian, harrera-familiekaz partekatu dabe eguneroko bizimodua, eta alkarteko boluntarioek antolatutako aisialdiko eta alkarbizitzako hainbat jardueretan parte hartu dabe.
Gabonetako Harrera Programa
Udako programa amaituta, CHERNOBIL elkartea Gabonetako Harrera Programa prestatzen ari da jada. Dokumentazinoa izapidetzeko epeak aurreratu diranez, prestaketa-lanak ohi baino askoz lehenago hasi behar izan dabez. Horregaitik, alkarteak programan parte hartzea inoiz burutik pasa jaken familiei dei egin deutse. Alkartera hurbiltzeak ez dakar ezelango konpromisorik. Lehen urratsa informazinoa jasotzea, programak zelan funtzionetan dauan ezagutzea eta zalantzak argitzea da.
2026an, CHERNOBIL elkartearen Harrera Programak 30 urte bete ditu. Hiru hamarkada geroago, eta hondamendi nuklearraren eta gerraren ondorioek irauten daben bitartean, haurrei aste batzuetan ingurune seguru, osasungarri eta familiar bat eskaintzea da oindino be beharrezkoa izaten jarraitzen dauan bidaia honen funtsezkoa zentzua.
