
Jokoaren gaiari heldu deutsagu asteon Aupa Bizkaia irratsaioan. Izan be, ludopatia kasuek gora egin dabe azken urteetan, gazteen artean batez be. Horretarako, Unai Garma A90Grados zerbitzuko eta Ekintza Aluvizko boluntarioagaz egin dogu berba. Garmak esan deuskunez, prebentzinoari arreta eskaintzea oso garrantzitsua da, adikzinoen agerpena saiheste aldera.
Hain zuzen be, lan handia egiten dabe A90Grados zerbitzutik eskoletan. Berbaldiak emoteaz gain, scape room bat be ipini dabe martxan, jokoak dituan arriskuak modu atseginagoan barneratzeko asmoz. Edozelan be, jokoarena ez da zerbitzuak jorratzen dauan gai bakarra. Esaterako, ongizate digitalaren esparruan be murgilduta dago.
Kontrol falta
Jokatu ahal izateko legalki 18 urte izatea beharrezkoa izan arren, praktikan adin txikikoek ez daukie traba handirik apustu egiteko adibidez. Kirol apustuak egiteko makinak asko ugaritu dira tabernetan azken urteetan eta institutuetatik gertu dagoz sarritan. Tabernetan dagoan kontrola ez da joko-aretoetan dagoana bezain zorrotza eta horrek jokoaren atea irekitzen deutse gazte askori.