Unzalu-Gaztelurrutia familia bizkaitarrak Launa upategia 1978an sortu eban Arabar Errioxan. Orain dala urte gitxi hiru seme-alabek gurasoen lekukoa hartu, eta upategia indarbarritu dabela azaldu deusku Unax Unzalu Gaztelurrutiak Goizeko Izarretan irratsaioan. Launan mahastietako uzta atzo hasi zan. Uztari ekiteko kontuan hartzen dabezanak be azaldu deuskuz Unzaluk. Mahastietan une honetan bederatzi pertsona daukiez lanean eta upategian, bost lagun.
Ardaoren kontsumoak behera egin dau azken urteetan. Espainiar estaduan azken 20 urtetan kontsumoaren beherakadea % 20koa izan da, Launa upategitik Unax Unzalu Gaztelurrutiak azaldu deuskunez. Launa upategiak 300 mila kilo mahats inguru ekoizten dauz urtero. Baina aurten gitxiago etorriko dala uste dabe, %30 gitxiago. “Guk ez daukagu stock arazorik. Upategia hutsik daukagu uzta barrikoa jasoteko. Horrez gain, guk gurea dan banaketa enpresea daukagu eta zentzu horretan pozik gagoz” azaldu deusku Unaxek.
“Nazinoarteko gure merkadu nagusia Txina da, per capita ardao kontsumo txikia dabe baina Txinan jende asko bizi da. Errusian, Alemanian edo AEBetan be saltzen dogu. Hori bai, merkadurik garrantzitsuena Bizkaian daukagu, banaketarako gure bildegia Mañarian dago” zehaztu dau Unzaluk.