Gerrea berbea aipatzen hasita ia gehienoi jatorku gogora Ukraina edo oraintsuago Gaza. Zoritxarrez, gatazka edo gerra gehiago dagoz munduan zehar eta Unicef erakundeak gogoratu deusku Siriako gatazkak hamahiru urte bete dauazala. Titularra ez da hor amaitzen. Unicefek dino inoiz baino haur gehiagok behar dabela laguntza humanitarioa. Haurren belaunaldi oso batek gatazka eta gabeziak baino ez dauz ezagutu azken hamahiru urteetan. Siriako zazpi miloi haurrek behar dabe laguntza humanitarioa. Esan behar ganera, bost urtetik beherako seirehun mila ume baino gehiagok desnutrizino kronikoa daukala. Desnutrizinoaz gain, larritasun psikosozialak be badaukiez, neskatoek gehiago kasu honetan. Aipatu behar bestalde, gerreaz gain, iaz, lurrikarea be izan zala Sirian. Askok eta askok herrialde hartatik alde egin dabe. Hamahiru miloi siriar baino gehiago desplazatu dira eta ezin dira euren etxeetara bueltatu.
Gaza
Gazan, bien bitartean, egoerea gero eta larriagoa da. Unicef erakundeak jakinarazo dauanez egoerea katastrofikoa da bertan. Gerreak eragiten dauazan guztiez gain, gosetea da han nagusi. Gaza iparraldean gitxienez 23 ume hil dira gosetearen ondorioz azken asteetan. Gazara laguntza humanitarioa heldu ahal izateko erreztasunak eskatu dabez Unicef erakundetik. Handik kilometro gitxira dagoz kamioikadak prest bertara laguntzea eroateko. Maider Gabilondok, Unicef erakundearen Nafarroako koordinatzaileak emon deuskuz Siria eta Gazako egoeraren ganeko azalpenak.