URBANBATfest, urien eraldaketaren ganeko jaialdiaren 13. edizinoa hasiko da gaur Bilbon. URBANBATfest uri-eraldaketaren ganeko ikerketa-laborategi lez pentsautako jaialdia da. Gorka Rodriguezek azaldu deuskunez, uriak hobeto ulertzen laguntzen dauan ekimena da. Programazino kultural pedagogikoa antolatzen dabe hain zuzen. Orain arteko hamabi edizinoak oso ondo joan dira. Edizino bakotxean, jaialdi honek, uri fenomeno garaikide baten ikerketan jartzen dau arretea. Aurten migrazino dinamikak eta uri eraldaketen arteko harremana aztertuko da. Aurreikusten danez, hemendik lasterrera munduko 10 pertsonetatik 7 urietan biziko dira.
Egitaraua
Gaurtik urriaren 27ra bitartean egingo da URBANBATFest jaialdia. Hasteko, gaur, Arkitektura migratzaileak izeneko erakusketan ikus daitekezan argazkien egileakaz solasaldia izango da Hika Ateneoan iluntzeko zazpiretan. Gorka Rodriguezek esan deusku Bilbo, Logroño eta Santader uriak batzen dauazan erakusketea dala. Uri bakotxean argazkilariek migrazinoa eta urigintza lotzen ahalegindu dira. Jorge Islak atara dauz Bilbon argazkiak eta bera be izango da iluntzeko solasaldian. Erakusketea Metro Bilbaoko Unamuno geltokian egongo da ikusgai zemendiaren 15era bitartean. URBANBATfest jaialdian hainbat ekintza antolatu dira. Tartean, Bilbotik Arratiara hurreratzeko asmoa be badaukie errefuxiatu eta migratzaileei eskeinitako harrera proiektu bi ezagutzeko.