Urdaibain bisitari guztiek aurkitzen dabe euren plan ideala. Eta orain errazagoa izango da, udarako Gernika-Lumon, Gaztelugatxen eta Elantxoben martxan jarri dabezan hiru turismo-kudeatzaileei esker. Ukipen-pantaila honeen bitartez, bisitariek modu erraz eta intuitiboan ezagutu leikiez Urdaibaiko turismo baliabideak eta informazino zehatza. Turismo zerbitzuei buruzko argibideak kontsultau leikiez: ostatuak, jatetxeak, garraiobideak… Horrezaz gain, Urdaibain dagozan jarduerei buruzko informazinoa be eskaintzen da, esaterako, bisita gidatuak, museoak, mendi-ibilaldiak, uretako jarduerak, kulturalak, gastronomikoak… Ganera, balio natural, historiko eta kulturalagatik interesgarrienak diran tokiei buruzko informazinoa be eskura dago.
Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen alkarteko gerenteak Lau Haizetara saioan azaldu deuskunez, lehenengo pantaila interaktiboa orain urte batzuk jarri eben abian Gernikako Batzar Etxearen ondoan. Igazko garagarrilean eta abuztuan turismo-kudeatzaile honek 1.200 kontsulta baino gehiago izan ebazan. Gaztelugatxekoa eta Elantxobekoa, barriz, aurtengo udan jarri dabez martxan.
Hiru ukipen-pantailek Urdaibairi buruzko informazino turistiko guztia lau hizkuntzatan eskaintzen dabe, Ganera, informazino guztia hainbat formatutan deskargetako aukerea emoten dabe, QR kodeen bitartez. Helburua, bisitetan gaituen pertsonei tresna erakargarri eta erabilgarri bat eskaintzea da, euren neurrira egindako planak antolatzeko eta Urdaibaiko inguruaz gozatzeko behar daben informazino guztia izan daien. Baina, aldi berean, bisitarien perfilari buruzko datu garrantzitsuak biltzeko gai dira, bisitari hauek hobeto ezagutzeko eta Urdaibaiko turismo eskaintzea bisitarien interes eta beharrizanetarako egokitzeko.