Bermeo-Urdaibaik irabazi dau Bizkaiko traineru txapelketea hogeta hiru segunduko aldea kenduta bigarrenari, Isuntzari

Kaiku nagusitu da emakumezkoen estropadan, Deusto eta Ondarroako traineruen aurretik

Urdax Antepara: “Lekeitioko estropadak erakutsi deusku bide onetik ari garala lanean”

Bermeoko Bou Bizkaia traineruko arraunlariak Bizkaiko txapeldunaren banderea jasoten / Bizkaia Irratia

Bou Bizkaia nagusitu zan Bizkaiko traineruen txapelketan, Isuntza eta Zierbenaren aurretik. Laugarren postua Santurtziko ontziarentzat izan zan, eta lau traineru honeek hartuko dabe parte datorren domekan Getariako uretan jokatuko dan Euskadiko Txapelketan. Urdax Antepara Urdaibaiko arraunlariagaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean. Arraunlari  bilbotarra pozik agertu da Lekeition egindako estropadeagaz. “Lortutako emaitza onak dinosku bide onetik ari garala lanean”.

Zierbena, igaz Mundakan jokatutako edizinoan Bizkaiko txapeldun izan zana, eta Urdaibai ziran faborito nagusiak Lekeitioko estropadea irabazteko. Asier Zurinagak zuzendutako traineruak lehen postuan egin eban lehen ziaboga, Isuntza eta Zierbenaren aurretik, biak segundu bira. Itzulerako luzean, Bermeok lehen postua galdu eban Zierbenaren mesedetan; galipoen taldeak lau segundo berreskuratu eutsozan bere areriorik zuzenenari. Etxeko taldeak hiru segundo galdu ebazan, baina banderaren lehian jarraitu eban.

Estropadaren erdira hiru ontzi hiru segundoren barruan helduta, lehia guztiz zabalik egoan eta oso gatxa zan probaren azken emaitzea aurreratzea. Halandabe, zalantza guztiak hirugarren luzean argitu ziran. Izan be, Bermeok beste martxa bat sartu eta estropadea ia erabakita itxi eban. Bou Bizkaiak 10 segundo kendu eutsozan Zierbenari eta 12 Isuntzari. Jon Salsamendik zuzendutako taldearen aldea nabarmen hazi zan azken luzean, eta helmugan 23 segundotik gorakoa izan zan. Hirugarren eta azken ziaboga egin ostean, Asier Zurinagak estriborrerantz eroan eban bere ontzia, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak eragindako olatuen indarra ahalik eta gehien aprobetxetako.

Emakumezkoen mailan, Kaikuk goitik behera kontrolatu eban estropadea, Deusto eta Ondarroaren aurretik. Bizkaitarra ontziak atzean itxi ebazan aurkariak lehenengo luzean eta bigarrengoan nahikoa izan eban aldea ondo kudeatzeagaz txapela eskuratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00