Abonadu kopururik handiena izan dauan denboraldia amaituta, Basoa denboraldia aurkeztu dau Bilbao Orkestra Sinfonikoak. 2.586 abonadu izan dauz BOSek 2025/2026 denboraldian, inozkorik gehien. Urrian denboraldi barriari emongo deutse hasierea eta Basoa izena jarri deutse. Bilbao Orkestra Sinfonikoak basoagaz daukan lotureagatik aukeratu dabe izen hau. Iñigo Alberdi zuzendari kudeatzaileak azaldu deuskunez, basoagaz zerikusia daben lanak eskeiniko dira denboraldian zehar.
17 programa sinfoniko
Basoagaz lotuta Oma estreinauko da denboraldi barrian. Maria Eugenia Luc konpositorearen lana. Kortezubin dagoen Omako Basoan inspirautako lana da. Luc inguru horretan bizi zan ganera urte askotan. Bere ahots berezia nabarmendu dau Alberdik. Guernica izeneko operea berreskuratzeko asmoa be badauka BOSek denboraldi barrian. Paul Vidalen lana da eta Parisen estreinau zan 1895. urtean. Opera frantsesa eta era berean euskalduna dala esan deusku Alberdik. Bigarren Karlistaldiko Gernika agertzen da bertan. Basoa denboraldian BOSegaz batera arituko diranen artean, Juanjo Mena azpimarratu behar da. 1999 eta 2008. urteen artean zuzendari titularra izan zan. Gonbidatu berezia izango da Alberdiren esanetan. Denboraldi barrian, besteak beste, sormen lan garaikideak be eskeiniko dira, Eduardo Soutullorena adibidez. Bethoovenen bigarren mendeurrena ospatzeko barriz, Eneko Sagardoy aktorea arituko da orkestragaz batera. Leire Bilbao idazlea be izango da BOSegaz denboraldi barrian. Abonu kontzertu bakotxeko olerki bat sortuko dau Bilbaok. ZinemaBOS ekimena be ez da faltako. Oraingoan ET filmearen soinu bandea eskeiniko dabe zuzenean, John Williamsena. Gabonetan izango da honakoa, urtarrilaren 7an, Euskalduna Jauregian. Bilbao Orkestra Sinfonikoa Bizkaiko herrietara hurreratuko da, Donostiako Hamabostaldian be izango da, Santanderreko nazinoarteko jaialdian, Musika-Musica jaialdian edo Ura Bere Bidean moduko ekimenean. Denboraldi barria 2026ko urriaren 1ean hasiko da eta 2027ko bagilaren 11an amaitu. Iñigo Alberdi zuzendari kudeatzailearen esanetan, erronkarik handiena, zuzendari titularra aukeratzea izango da.
