Pelotan ez dago atsedenik, bata amaitu eta bestea hasi. Ezkurdiak lau t’erdiko txapela buruan dauala, binakako txapelketea aurkeztu dabe Iruñean. Aitor Elordik eta Peio Etxeberriak lehenengoz jokatuko dabe. Aspek eskaini ditu barritasun biak. Lau t’erdiko txapelketa itzela egin dabe Elordik eta Etxeberriak, eta binakako nagusia jokatzeko aukerea eukiko dabe lehenengoz.
Guztira, 8 bikoteko txapelketea izango da betiko moduan. Asperen lau bikoteak honeexek izango dira: Elordi–Zabaleta, Etxeberria-Rezusta, Altuna-Tolosa eta Ezkurdia-Martija. Altuna eta Martija txapeldunek Tolosa eta Ezkurdia izango ditue lagun. Ezkurdia-Martija txapeldun izan ziran 2020an. Elezkano eta Irribarria geratuko dira jokatu barik. Biak txapeldun izanak.
Baikoren aldetik ez dago aldaketarik. Igazko 8 pelotariek jokatuko dabe. Peña-Mariezkurrena, Jaka-Aranguren, Laso-Imaz eta Urrutikoetxea-Albisu izango dira bikoteak. Igazko txapeldunordeek alkarregaz jokatuko dabe barriro, Lasok eta Imazek. Urrutikoetxeak atzelari indartsu bategaz jokatuko dau lehenengoz. Pozik dago, Jokoan saioan esan deuskunez.
Lehen jardunaldia astegoienean jokatuko da. Partiduak honeexek izango dira: Ezkurdia-Martija vs Etxeberria-Rezusta, Jaka-Aranguren vs Laso-Imaz, Peña-Mariezkurrena vs Urrutikoetxea-Albisu eta Elordi-Zabaleta vs Altuna-Tolosa. Azken partidu hau datorren asteko eguaztenean jokatuko da Eibarren, San Andres egunean. Altunak arazoren bategaz amaitu dau lau t’erdikoa, eta ondo heltzeko denporea euki leike eguaztenerako.