Makina-Erramintaren Biurtekoa hasi da gaur Barakaldoko BEC-en. Azoka barikura arte egongo da martxan, bost egunez, eta 1.503 erakusketari eta 3.350 produktutik gora egongo dira bertan. Xabier Basañez BEC-eko zuzendariak azokaren inguruko nondik norakoak plazaratu deuskuz Bizkaia Irratiko Goizeko Izarretan irratsaioan.
Aurton nazinoartekotasuna izango da BIEMH-aren ardatz nagusietako bat, mundu osotik iritsitako 70 herrialde ingurutik etorritako bisitari profesionalen, enpresa erakusketari eta alkarteen parte-hartzeagaz. Partaidetza honek ekitaldiaren dimentsino estrategikoa indartuko dau, eta mundu mailako industria- eta teknologia-erreferente nagusietako bat lez sendotzen jarraituko dau. BEC-ek hartzen dauan azokarik garrantzitsuena da: “BIEMH-a geure azokarik garrantzitsuena da, sei pabiloiak beteten doguz. Ganera, azokak inpaktu handia dauka Barne Produktu Gordinean”:
Izan be, industria arloko sektore garrantzitsuenak izango dira bertan: automobilgintza, hegazkintza, energia, etab. Aurtengo nobedadeen artean, Indiatik etorritako bisitarien presentzia nabarmendu dau Basañezek, edizino honetan sektore eta merkadu barrietara zabaldu dan nazinoarteko kanpainari esker. Halanda be, honako herrialde honeek be aitatu beharrekoak dira: Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Kanada, Frantzia, Txina, etab.
Kontuak kontu, euskal industriaren indarra erakusteko lekua be bada Makina-Erramintaren Biurtekoa: “Batetik, euskal enpresek negozio handia egiten dabe azokan. Bestetik, Euskadi mailan industriak daukan indarra erakusteko aukerea emoten dau Makina-Erramintaren Biurtekoak. Etxean izanda errazagoa da”.
