1996an Ekuadorrera joan zan lehenengoz Xabier Eskauriatza

"Hego Amerikako herrialderik baketsuena izatetik arriskutsuena izatera pasau da" esan dau abade bizkaitarrak

Xabier Eskauriatza: “Ekuadorren mafiek ez dabe abaderik hil, presoen egoeraz arduratu gara beti”

Xabier Eskauriatza abadea Ekuadorren / Los Rios aldizkaria

Orain dala urte batzuk Ekuadorreko misinoetan 80 euskal kide inguru egozan baina kopuruak behera egin dau nabarmen. “Misinoen gaur egungo errealidadea pobrea da. Ekuadorren orain dala gitxi arte euskal abade bi euki doguz eta orain bakarra dago Juan Mari Bautista. Han dagozan euskal laikoen kopurua be jatsi da. Halan dabe misinoek han egindako lana oso aberatsa izan da” esan deusku Xabier Eskauriatzak “Goizeko Izarretan” saioan.

Bilboko gotzainak be hainbat urte emon ebazan Ekuadorren misinolari. “On Josebak hantxe gosetearen hatzaparkadak igerri ebazan. Gaur egun  Espainiako gotzainen konferentziako misinoen buru be bada eta segurutik Ekuadorren bizitakoa buruan daukala bere egunerokotasunean” aitatu dau Eskauriatzak.

Azken hamabi urteetan sei presidente egon dira Ekuadorren. “Rafael Correa salbuespen bat izan zan, herri xeheari asko lagundu eutsan, lehenengo sektorean eta azpiegituretan aurrera pausu handiak emon ebazan. Baina Correaren azken urteak ez ziran hain onak izan, ustelkeria kasu asko agertu ziran eta gaur egun Correa herbestean bizi da. Kontua da bere ondorengoek  Correak baino txarrago egin dabela” adierazo dau.

Eskauriatzaren berbetan Ekuadorren narkotrafikoaren indarra agerikoa da. “Etorkizunik bako gazteak mafietan sartzen dira eta mafia honeek uri handiak kontroletan dabez, gaur egun bizitzak han ez dauka balio handirik” azaldu deusku abade bizkaitarrak. Kartzeletako egoerea be larria dala aitatu deusku. “Sutan dagoz, batzuk Salvadorreko presidentea dabe buruan, txarrena da Bukelezaleak gehienetan pobreak dirala eta akabuan eurak izaten dirala gero kaltetuenak”. Ekuadorreko historian Bukele lakoek egindako bideek fruitu onik ez dabela emon esan deusku Eskauriatzak.

“Mafiek abade bat be ez dabe hil, abadeak presoen egoeraz beti arduratu diralako. Beti egon dira espetxeetan eta badirudi horrek oihartzun bat euki dauela gaizkileen artean” esan dau Eskauriatzak. Eleizako komunidadeak gaur egun babesleku dirala gaineratu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular