Euskera Hobetzen: 'Barakaldoko nire laguna' edo 'Nire Barakaldoko laguna'

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Barakaldoko nire laguna’ edo ‘Nire Barakaldoko laguna’

BEC / Athletic Club

Sareetan irakurritako zalantza-itauna: “Barakaldoko nire laguna” ala “Nire Barakaldoko laguna”. Zein da ordena zuzena, ala ordena hobea?

– Gaztelaniaz ez dago arazorik. “Mi” izenaren aurrean ipinten da eta “de Barakaldo” atzean. Ordena banangoak ditue izenordain posesiboak eta sint. adnominalak.
Euskeraz, ostera, laguna izenari laguntzen deutsen konplementu osagarri biak aurrean eransten jakoz izen horri.
Aukeran eskeini jakuzan esaldi eredu bion artean, lehenengoa hobetsiko neuke duda barik: Barakaldoko nire laguna, eta ez bigarrena: Nire Barakaldoko laguna. Gramatikaz biak zuzenak dira, baina esangura mailan dago aldea bata eta bestearen artean.
Ondo kontuan hartu behar da, nire, gure, zure, zuen, bere, euren izenordain posesiboak hurragokoak jakozala ostean daroien izenari, nongoa dan lagunori aditzera emoten datorren leku-izena baino: Barakaldoko, Bilboko edo Bizkaiko erako adnominalak baino. Hau da, noren edo zeren adierazoten daben osagarriak izenari estuago lotuta dagoz, nongo, noizko edo zertako dan adierazoteko darabilguzan adnominalak baino.
– Kontrako eredua daukagu Bilboko Museo Nagusiaren euskerazko izenean, edo izenetariko baten, gaztelaniaz ez dagoana: “Museo de Bellas Artes (de Bilbao)” izenaz ezagutu dogu aspaldi-aspalditik. Izen horren ordenan “de Bellas Artes” hurrago dago “Museo” izen nagusitik, “de Bilbao” baino, konplementu biok “museo” izenari jagokozanak dirala be. Zergaitik dago izen nagusitik hurrago? “De Bellas Artes” horrek zehazten dauenako zetariko museoa dan, zein gai edo tematika dan berorrena. Eta hurrengo konplementua, nongoa dan edo non datzan zehazten dauena, atzerago dator: “de Bilbao” dalakoa.
Baina museo horren izena euskeraz ipinterakoan gorabeherak izan dira. Nik lehenengo ezagutu neban euskerazko izena: Bilboko Arte Ederretako Museoa izan zan. Osagaien ordena-egitura zuzenaz eregia. Ez behar bada Arte Ederrei erantsi eutsien atzizki lokatiboa: Arte Ederr-etako, askoz logikoago dan Arte Ederr-EN Museoa izan beharrekoa. Geroa akats hori zuzendu dala esan lei. Baina oraintsu-oraintsu beste era honetara irakurri dot aurkezpen ekitaldi baten bertan barruan: Arte Ederren Bilboko Museoa. Erren bat arindu eta beste erren bat hartu. Gure eretxian ordenarik logikoena hau zatekean: Bilboko Arte Ederren Museoa. Hau da, museoaren “zelakotasuna”, “berezitasuna”, “izaerea” adierazoten dauen izenlaguna “museo” izen nagusitik hurren, eta nongoa dan edo non datzan adierazoten dauen adnominala urrunago.
– Ordena kontu hau dala-ta, aspaldi hartu neban nire lehenagoko hurreko beharlagun baten aholku-eskea. Nagore Etxebarria Etxebarrena zan zalantza edo kezka hau agertzen eban teknikaria; lehen Labayru Fundazioan eta orain Euskaltzaindian lan egiten dauena. “Izenlagunaren hurrenkera” izenburupean bialdu eustan 2020ko bagilean (2020-06-10) honako mezua. Berean inoan:
“Egun on! Adolfo, esaldi bi honeen artean, zein dago ondo?
a) 1988ko bere “Txoriak txori” liburua.
b) Bere 1988ko “Txoriak txori” liburua.
Lehenengoa, ezta?
Baina gero:
– R. Jauregiren 1988ko “Txoriak txori” liburua.
Genitiboaren eta adnominalen arteko hurrenkeraren ganean, ezer idatzita badago?
Zuzentzen nabilen artikuluak nahaste handia dakar puntu horretan, orain honetara, orain bestetara. Esango deustazu. Eskerrik asko.
Nagore Etxebarria Etxebarrena”.
Lehenengo esaldiaren aukera bien artean, Nagoregaz bat nator. Hobetzat joko neuke honako hurrenkerea: 1988ko bere ‘Txoriak txori’ liburua baino. Eta ez bigarrena; hau da: Bere 1988ko ‘Txoriak txori’ liburua. Beste era batera esanda: bere posesibo bihurkaria izen nagusitik hurrago, noizkoa dan liburua dinoan 1988ko adnominala baino.
Bigarren esaldia: “R. Jauregiren 1988ko ‘Txoriak txori’ liburua”. Ordena horrexegaz itxiko neuke, hau da, noren noizko zer ordeneagaz, baina ordena horren arrazoitzat beste hau emonda: R. Jauregik 1988an idatzi ebala liburua. Baina beste ordenea be guztiz ontzat emonda: 1988ko R. Jauregiren “Txoriak txori” liburua; hau da, noizkoa dan, norena dan eta liburuaren izena hurrenkerea jagonda.
– Azkenengo eredu bat gehituko dogu. Bizkaiko Eleizbarrutiak badau Begoñan abade edadeentzako egoitza bat, izentzat “Residencia de Venerables Sacerdotes” dauena. Inoiz irakurri dot euskeraz honako izendapenaz: “Apaizen Begoñako Egoitza”. Ordena hau: noren – nongo – zer hurrenkerea, zuzentzat jo geinke, baldin adierazo nahi bada, apaizentzako diran egoitzen artean Begoñakoa dala, eta ez beste bat. Baina ordenarik neutroena eta esanguraz koherentzia gehiagokoa genduke, nongo – noren/norentzako – zer hurrenkerea: “Begoñako Apaizen Egoitza”. Eta hainbat hobeto legoke: Begoñako Apaiz Egoitza.

2. Esaera ezaguna: “Bizkaitarra joan eta hotz. Arabarra jan eta poz”

Euskaldunok bizi garan lurraldeen izenak aitatzen dituen errefrau batzuk guztiz ezagunak dira: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, edota eurotako biztanleak: arabarrak, bizkaitarra, gipuztarrak edo nafarrak.
Azkuek bere EY-n baturik dakar goiko esaldi hori, bizkaitar eta arabarrak ahotan darabilzana: “Arabarra jan da poz, bizkaitarra jan da hotz” (EY 134). Beste era honetara be jaso dogu errefrau berau: “Arabarra jan ta berotu; bizkaitarra jan ta hotzitu” (Garate Atsot. 1010).
Baina errefrau modura ezeze, hainbako esaera edo herri-eretxi lez be esankizun ezaguna dogu, bizkaitarra, jan eta ostean hotz geratzen dalakoa. Nik Lekeition entzuten neban sarri.
Goiko errefrau bion mezua positibotzat jo daiteke, lurraldeotako biztanleen aldekotzat.
Baina sarri sartzen dira zirikadak edo zitalkeriazko mezuak horrelako errefrau edo esaera eginetan. Bada bat, bizkaitar-nafarrak ahotan hartzen dituana: “Bizkaitarrak ta naparrak, setatiak ta zakarrak” (Garate Atsot 2760). Susmetakoa da giputzen baten esana izan daitekela.
Mezu gaitzesgarria darabilen beste bat, baina giputzak zirikatzeko oraingoan, Eibar-Ermua inguru horretan lehen esaten zana: “Giputzen hitza, zurezko giltza”.
– Izkribu zaharretan be badira euskerazko aipuak, eta joera diferentetakoak.
Arabarrak dirala-ta, 1601eko Nafarroako idatzi baten agiri dana: “Gezurra diozu, arabar billau tatxatu orrek” (Bakaikoa, 1601) (ReinEusk2 150).
Bizkaitarrak dirala-ta Etxeberri Sarakoak XVIII. mendearen erditsuan idatzia: “[Bizkaitarrak dira] alegerak edo umore onetakoak” (ES 110).
Bide batez gehitu daiguzan arabar-bizkaitarrak ahotan hartzen dabezan beste esakune batzuk.
– Araba eta arabarrak dirala-ta, batek dino:
“Arabarra tirri-tarra, hik uzkarra ,nik sagarra” (EY 135). Eta Araba aitatzen dauen beste honek: “Bapara (banaka), joadi gura bok Arabara!” (EY 1528) (Garate Atsotitz 1007).
– Bizkaia eta bizkaitarra aitatzen daben errefrauak dira beste biok. Bat: “Bizkaiko negua garizuman” (EY 1541). Bi: “Hiru ta hiru sei, hiru bederatzi, hamar hemeretzi ta bat hogei: tozino ta bizkaino hirurogei”. Beste era batera: “Hiru ta hiru sei, hiru bederatzi, hamar hemeretzi ta bat hogei: talo ta bizkaino hirurogei” (EY 195).
– Gipuzkoa eta gipuzkoarrak dirala-ta: “Probintzikoak (gipuzkoarrak) apostu egin baiño len ateratzen du izerdia” (Discurrir o sacar las cuentas antes de decidirse a apostar.) Esaera zarrak. (Intza’r Damaso. 1963-1964).

Batzuetan askotakoa entzuten dogu, baina askoz be sarriago askotarikoa. Gauza bera esateko, ala esangura banangoakaz?

ASKOTARIKO gaur zabal eta indarrean dabilen berbea da, eta batez be berbaz, sendo sustraitua. Tradizino idatzian ez hainbeste; edo ez behintzat, XX. mendera arte. Hiztunok pluralez darabilgu ia beti. Izan be, askotariko dinogunean, bitik gorako aniztasuna seinaletan dogu. Batzuetan gauzak (bizibakoak), beste batzuetan bizidunak (gizakiok barru) izaten dira askotarikoak; hau da, ‘era askotakoak, klase askotakoak, mota askotakoak’, gazt. ‘variados, diversos’. Adibide soil batzuen bidez on egin daigun: Askotariko jentea joaten da zinera, ez gazteak bakarrik. Denda horretan askotariko generoak daukazuz salgai. Jentearen zaletasun eta gustuak askotarikoak izaten dira; bakotxak berea.
Hizkuntzaren historiaren aldetik datu ohargarri bat. Hitz honen aldaera bat, Uribe-kosta aldean eta Butroialdeko herri batzuetan (Urduliz) entzuten dana: askotaringo. Hitz aldaera horren atzean -reango atzizki bikotxa dogu: askotareango, ablatibo zaharraz eta -ko gen. lokatiboaz osotua.
Hara idazleen erabilera batzuk. Santi Onaindia: “Zaldi-gain dabiltz gazteak, neska ta mutil, txeraketan, krabelin eta askotariko apaingailuz ñabar bertxinduak” (Santa Teresa). “Udazkenak askotariko igaliak jalkiarazten ditu” (Andima.Ibiñagabeitia Virgili 92). Gabirel Jauregi: “Askotariko karearriak dagoz” (Kimia). Mitxelenaren luman be behin baino sarriago agiri dan hitza: “Aurkituko genduke nori galdegin. Galdera asko eta askotarikoak: iritziak, usteak, gogoak eta asmoak” (MIH 135). “A. Omaetxebarriaren jakitea eta gogo ernea gai askotara eta askotarikoetara hedatu izan da” (MEIG II 128). “Horietan askatzen dira bere batasun askotarikoak dituen elkar-ukoak” (“Contradicciones”) (MEIG IX 116).
Askotarik adizlagunaren gainean eregia dogu askotariko izenlagun-adjektiboa. Beranduko eraikuntza bat da. XX. mendekoak ditugu, gerraostekoak gainera, honen lekukotasunak, nahiz eta berbaz segurutik aspalditik datorren berbea izan.
Klasikoen artean askotarik bai irakurten dogu, baina ez askotariko. Halan Olaetxearen dotrinan: “Igaro osasuneko egun santu onek, dibersiño askotarik […] apartetan gareala; bestetan baiño limosna geiago egiten dogula” (Dotrinea).
Gaur egun sano indartu da askotariko hitza. Berria egunkariko adibide bat lekuko: “[Biltzarrak] askotarikoa izan behar zuen […] beti ere […] gatazka konpontzeko borondatea daukatenak bilduko direlarik” (Berria 7-2-2004).
ASKOTAKO berbea, ostera, gitxi erabilia da gaur egun, baina tradizino zaharragoa eta aberatsekoa dauka, batez bere sartaldeko berbetan.
J. A. Mogel idazlea dogu honen erabiltzaile sendoetarikoa. Baina goiko beste horregaz zerikusi handirik ez daben beste esangura edo adierakaz erabili izan da. Bi, oinarrian. Lehenengo, gazt. ‘hábil, diestro, versátil’. Hara Mogelen esan batzuk: “M. Ez dakit topauko dan inon andrakume euskaldunak baino sendoagorik. P. Nik bere ez dakit, Maixu Juan. Dira sona, dulabre eta askotakoak” (Mog PAb). Bere alegietariko baten dino: “geiago balio dauela askotakoa, azartua eta azkorra izatea, indartsua izatea baino” (Ip 8). “Danerakoa, edozertako gai” izatea aditzen emoteko.
Bigarren adierea, ezesgarriagoa da: ‘maltzur, malmutz’, gazt. ‘astuto’ adierakoa. Hara esaera batzuk, idazle beronenak: “Ipuin onek esan gura dau, gizon gaisto, mausari ta askotakuak billatu daruezala euren gisako lagunak, ta egin kalte asko argal, errubagako ta berba egiñaz dongago izango dabenakaz” (Ipuinak), “asi zan keia igoten, jagi zan garra, ta bildurturik erre etzeitian arrano kumiak bertan, biurtu eutsazan azerijari beriak kalte baga, irakasten ebala askotan geijago balijo dabela askotakua, azartuba ta azkorra izatiak, indartsuba izatia baiño” (Ipuinak). “Askotakoa egin bazaitue urteak, ni bere bai, jakiteko nun zer dagoan” ( Ipuinak 38). Askotakoa izan, trebetasun edo baliabide askokoa; edo esperientzia aberatsaren jabe bihurtu.

4. “Pentsinoa ehuneko zortzian handituko dira” entzun dogu hedabideetan. Ontzat emon daiteke handitu dala esatea, ala beste aditzen bat genduke egokiagoa?

Lehenago be birritako aldiz aitatu dogu beren-beregi beste gai kontestu baten barruan handitu aditza erabili izana (2018-02-15/5) eta (2020-05-21/2). Batean, trafikoa handitu dala izan zan autua. Eta bestean, telebistaren kontsumoa handitu dalakoa izan zan berbakizuna. Eta oraingoan, pentsinoak handituko, edo handitu diralakoa dogu mintzagaia.
Hiztunok adiera horregaz nekez darabilgu handitu aditza. Ez dogu esaten “zenbatean handitu dan” diru-kopurua, hileko soldatea handitu dala urte barriagaz, gastuak handitu dirala bizitzea karutu dalako. Baina justu horrexetarako parau da modan handitu aditza, berariaz hedabideetan.
Hiztunok horrelakoetan errazago joten dogu esatera: zenbatean gehitu (soldatak, gastuak edo dana dalako kontzeptua. Eta berbeta batzuetan, gehitu aditzaren era konparatiboa: gehiagotu egin dirala diru-laguntzak, jaiotzen kopurua e.a. Eta leku asko be askotan igon aditza. Eta Iparraldean emendatu aditza be horretarako erabilia da.
Handitu aditza hiztun gehienok adiera bi honeetariko bategaz darabilgu: ‘puztu (putzitu)’. Bernak handitu. Atzamarra handitu. Edo pertsona bat loditzen danean be, handitu egin dala. Edo lar janaren porezuz be bat handitu egin daiteke. Baina esangura murrizgarri bategaz darabilgu handitu aditza, eta ez hainbeste gazt. ‘incrementar’ adiereaz.

5. Lehengo astean TURRU berbea aitatu genduan, Sopelatik Txomin Villarroelek bialdu euskun adibideagaz. Baina mezu barriak daukaguz turru berbea dala-ta, ezta?

Bai. Euskerahobezale biren oharrak jaso doguz.
– Lehehengoa, Erandioko Goiherri auzotik, turru izena dala-ta, Pedro Aurrekoetxea euskerahobezaleak bialdu deusku. Dinosku berean:
“Egun on, Adolfo. Juan Ramon Legarretak esan deutsun sunde berbea geuk be erabilten dogu. Ni Erandioko Goiherri auzoan bizi naz (…). Nahiz eta Erandio izan, Leioako mugea paraje dekogu. Beraz Juan Ramonen euskera eta nirea bardintsuak dira.”.
Baina gaurko kasuan turru berbeaz dinozanak ardura deuskue. Dino: “Turru berbea be erabili izan dogu. Zeozer ganezka kargau ezkero, turru esaten zan. Adibidez: ganaduari baldeetan eroaten geuntsan askara, eta baldeak turru kargaten ziran. Eta orokorrean, beste edozein motatako ontziakaz be halan esaten genduan”.
Eskerrik asko, Pedro.
– Bigarrena, Zeanuritik, edo Zeanuriko seme batengandik jasoa: Jesus Etxezarraga idazle eta euskerahobezale zorrotzagandik. Dino bere mezuan:
“Zeanurin ontzi bat goraino beteta, gainezka dagoenean “torron-torron” dagoela esaten da: “azukerontzia torron-torron beteta dago”. Ez da erabilten ostera ‑‑nire ezagupidean behintzat‑- likidoekaz. Garau, ale, solido birrinekaz bai…
Bide batez, likidoak direla eta ez direla, irain, birao, pozoin, txarkeri, gaiztakeri zitalenak kalifikatzeko esaera gaindiezina: “sapo-likitu’. Adjetibo kalifikatzaile legez be: “sapo-likitu osti hori!!”.
On egin, ekin eta jarrai”.
Bide batez esan daidan, lagun zaharra, ikaste-lagun eta irrati-lagun zaharra dodala Jesus A. Etxezarraga.
Gero eta argiago ikusten dot, Arratiako torron-torron eta Txorierrin edo Goi Uriben erabilten dan turru eta turrun-turrun berba bat eta bera dirala, eta atzean torre, tur(re) izen zaharra, dagoala susmetan dot. Torrea, ‘piloa, pilo altua’ esangura irudizkoaz.
Zerikusi hurrekoa euki lei tontor (tuntur, txuntxur) izenagaz be. Hau be ‘bete-bete, gainez’ adiereaz erabilten da. “Koillarakada bi tontor bota deutsadaz kafeari ta ezin gozotu” (Azkue). “Kutxarakada bat tontor azukra” (Azpeitia. Gte Erdarakadak 288). “Zakua berdin beteta edo tuntur” (Goierri. Gte Erdarakadak 288).
Atzera torro hitzera bihurtut, gogoratu daigun ume-joko ezagun bat be badala, batzuek astoka deritxoena, beste batzuk kala-mandaketa, gazt. ‘a burros’, torro-torroka be deritxona Hego-Uribeko herrietan (Arratia, Orozko, Nerbioi). Azkuek hiztegian torre-torreka izenaz batzen dau ume-joko bat, Otxandion, gazt. “al marro”. Eta torro-torroka be batzen dau, “al burro, cierto juego de niños” esanguratzat emonda.
Arratian erabilia dan esapidea, jenero solidoren bategaz, “garau, ale, solido birrinekaz” torron-torron dagoala esatea, eta Sopelatik jaso dogun ‘basua turrun-turrun dagoala’, oinarrian berba bera da.

6. Administrazinoko ohar baten irakurria: “Katarroa, gripea ala Covid? Itxaron zeure txandeari”. Gure zalantzea: Covid ala CovidA?

Mailegu-izen bitxiak zelan gramatikara ekarri. Hor dago untzea.
Berba arrunt bihurtu diran izenak, baina lehenago arrotz edo bitxi egiten jakuzanak. Duda barik, katarro izena katarroA gramatikaratzen badogu, edo gripe izena gripeA oguzten badogu esaldian, beste hainbeste jagoko Covid izenari be: CovidA beharko dogu esan.
Beste izen askogaz, fenomeno barri edo barritzaileak izendatzeko sortzen diran nazinoarteko izen askogaz jazoten jaku gauza bera. Izen barri bat, behin etxekotu eta hiztunon artean zabaldu ezkero, -a mugatzaileaz gramatikaratu behar dogu; izen arrunta bada, behintzat.
Halan euskeratu ditugu, behin mailegatu ditugunean, Kongreso-a, Senatu-a, Juzgadu-a, edo euskeraz eiho izan diran Eusko Jaurlaritz-a, Eusko Legebiltzarr-a, Foru Aldundi-a eta beste batzuk.
Hitz bitxi edo bereziei, batez be maileguz hartu ditugun eta moderno samar diran horreei euskal gramatika taiua emotea neke egiten egiten jaku sarritan. Hori da Covid horren kasua. Aholkua: covidA dauka edo covidA nahastau deutsie, eta ez Covid dauka.
Baina hitz asko dira, mailegu, laburdura eta beste, ohiko izatera etorri diranak, eta ibiliaren poresuz, -a mugatzaileaz normaldu behar ditugunak. Halan: Paralisi-a eta ez paralisis. Stop-a eta ez Stop dagoala. Fitnisa eta ez fitnis. Doministikun-a eta ez Doministikun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular