Muturreko diskurtsoek eta gazte asko hartzen dabilzan jarrerek Legarreta kezkatzen dabe

Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeagaz egin dogu berba Migratzailearen Nazinoarteko Egunean

Xabier Legarreta: “Euskadiko harrera eredua erreferente da Europa mailan”

Xabier Legarreta, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea / Bizkaia Irratia

Migratzailearen Nazinoarteko Egun honetan, Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeagaz egin dogu berba Goizeko Izarretan irratsaioan Bilboko Harreragunetik. Legarretak uste dau gaurkoa aldarrikapen eta ospakizun eguna dala. Esaterako, ospakizuna egongo da Ermuan gaur arratsaldean. Izan be, Ermua herri abegikorra da zentzu horretan, migratzaileen hartzaile eta integratzailea. Ganera, aurreratu deuskunez, Amurrion egingo dabe datorren urteko ospakizuna.

Kontuak kontu, Euskadiren eredua nabarmendu gura izan dau Legarretak: “Euskadiko harrera eredua erreferente da Europa mailan”. Aitatutako harrera ereduak zutabe garrantzitsu bi ditu: arreta pertsonala eta integrazinoa. Gaur egun 320.000 migratzaile inguru dagoz Euskal Autonomia Erkidegoan eta gehienak emakume latinoak dira Bizkaian eta Gipuzkoan, Araban marokoarrak gailendu arren.

Askotan zabaltzen dira migratzaileen inguruko kontu ezkorrak, dirulaguntza bila datozala eta abar. Horren harira, muturreko diskurtsoek eta gazte asko hartzen dabilzan jarrerek sailburuordea kezkatzen dabe: “Mundu mailan gertatzen ari dan fenomenoa da, datuekaz egin behar jake aurre”.

Homologazinoen arazoa

Tituludunak be ailegau asko egiten dira, baina homologazinoetan egoten da eragozpena: “Momentu honetan titulu batzuk ezinbestekoak dira. Atzerritarrak hona etorten diranean, homologazinoaren arazoagaz aurkitzen dira”. Eskuduntza horren transferentzia epaitegietan dago. Legarretaren aburuz, ondo legoke homologazino horreek bizkortzea.

Amaitzeko, migratzaileak delituekaz lotzeko joerea be badago. Horren aurrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak atxilotuen jatorriaren gaineko informazinoa emoten hastea erabagi dau. Kritika ugari jaso ditu pausu honek. Legarretak uste dau “gardentasunaren” alde hartutako erabagia dala iragarritakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00