Iaz, urte amaieran kaleratu eban Jon Martin-Etxebestek Xabier Lete, Bertsorik Sakonena ikerketa lana. Euskal Herriko Unibertsidadearen Argitalpen Zerbitzuak argitaratu eban. Durangoko Azokan egin zan aurkezpena eta azokako nobedadeetariko bat izan zan. Xabier Leteren abestiak ulertzeko, bizi izan eban garaia, entzun ebazan bertsoak edo gainditu behar izan ebazan oztopoak azaltzen dira lan honetan. Egileak esan deuskunez, etxean txikitatik entzun eban Xabier Lete, gurasoek sarritan ipinten ebelako. Betidanik izan da beraz erreferente, gaur egun irakasle dan, baina bertsolaria eta musikaria be dan Jon Martinentzat.
Egiturea
Liburua lau kapitulutan banatu dau. Lehenengoan Xabier Leteren biografia dakar. Leteren obraren errepasoa egiteaz gain, kantagintza barriaren errepasoa be egiten dau Martinek. Azkenik, kapitulu luzeena dator, bertsolaritzari eskeinitakoa. Letek itzelezko garrantzia izan dau bertsogintzan. Gaur egungo doinuetako asko bereak dira egia esan. Xabier Lete, Bertsorik Sakonena lanaren hitzaurrea Jon Kortazarrena da. Honek aipatzen dauanez Leteren kantagintzan dagoen bertsoa eta poesia aztertu dauz Jon Martinek, Leteren letretan agertzen dan bertsolaritza sena eta estiloa aztertuz.
Lourdes Iriondo
Jon Martinek aitortu deuskunez, Xabier Leteren ganean ikertzen ibili dan bost urteetan, Lourdes Iriondoren eraginak harritu deutso gehien. Horrek ikertzen jarraitzera bultzatu deutso eta hasita dago horretan, Eusko Jaurlaritzak eskeinitako beka bat lortu ondoren.