Xabier Zeberio musikagileak Pause izeneko lehenengo diskoa kaleratu dau. Alos Quartet taldeko musikagileak eta Oskorri taldeko kide ohiak bakarka kaleratzen dauan lehenengo diskoa da. Forbidden Colours zigiluagaz kaleratutako lan honetan, Zeberiok unibertso barri bat aurkezten dau, ñabardura eta melodia sakonez osotutako eremuetan arakatuz. Minimalismoa, neoklasizismoa eta tradizinoa dira, besteak beste, lan pertsonal honen osagaietako batzuk. Sokazko instrumentuek (nyckelharpa, biola eta bibolina) pianoagaz eta elektronikagaz bat egiten dabe lan barri honetan.
Zeberioren lehenengo diskoak 9 pieza barri batzen dauz. Bertan, Iñar Sastre, Aitor Etxebarria, Liam Ó Maonlai, Markel Zeberio eta Alos Quartet taldeko kideek hartu dabe parte. Xabier Zeberiok azaldu deuskunez, Aitor Etxebarria produktoreagaz eskuz esku sortua izan da Pause.
“Prozesua oso naturala izan da, ez da izan oso proiektu premeditatua”
Konfinamendu garaian hasi zan Pause sortzen. Zeberiok hainbat maketa, hainbat doinu konposatu ebazan, baina ez ekien zertarako. Izan eitekean Alos Quarteten disko barri baterako, antzerki obra baterako, espektakulu baterako… Zeberiori beti gustetan jako materiala sortuta izatea. Kasu honetan, material hori Aitor Etxebarria produktoreari eta lagunari erakutsi eutsan, eta Etxebarriak berak bultzatu eban proiektu pertsonal hau aurrera eroaten.
Pause lanak musika pausatua, barnera begirakoa batzen dau. “Uste dot garai honetan, korrika eta presaka gabilzan honetan, beharrezkoa dala holako eremu bat. Saiatu naz niri, entzule moduan, entzutea gustauko litzakidan musikea sortzen. Konturatu naiz, inoiz baino gehiago, jenteak zenbat behar dauan holako motatako musikea”. Zeberiok aitortu deusku harrituta dagoala Pause diskoak izan dauan harreragaz.
2024. urtean Pause diskoak ibilbide luzea egitea itxaroten dau Xabier Zeberiok. Lehenengo aurkezpen kontzertuak (Beasainen, Gasteizko Aitzina Folk jaialdian, Tolosako Leidor aretoan eta Markina-Xemeingo Arretxinagako San Migelen) egin ostean, udabarritik aurrera emonaldi gehiago eskaintzea itxaroten dau Tolosako musikagileak.