2021. urtean “Yerma” eskeini eben eta iaz “Borderland” operea Bilboko BBK aretoan. Oraingoan, dantzea da protagonista nagusia. Euskal dantzak eta flamenkoa hain zuzen. BBK Aretoak eta Sevillako flamenko bienalak ekoiztutako lana dogu. Dantzariak, bi gizon, Kukai dantza taldeko zuzendari eta dantzaria, Jon Maya eta bestetik, 2022ko dantza sari nazionala irabazitako Andres Marin bailaorra. Gaur, aurre-estreinaldia izango da eta ondoren, publiko guztiak ikusi ahal izango dau “Yarin” zapatuan eta domekan.
Esan behar Sevillan egin zan flamenko bienalean eskeini ebela lehenengoz. Jon Mayak esan deuskunez, oso ondo joan zan.
Ideia
Iaz erabagi eben Mayak eta Marinek alkarregaz zeozer egin behar ebela. Aste pare bateko egonaldia egin eben dantzari biek. Ordutik, buru belarri ibili dira “Yarin” sortzen. Flamenkoa eta euskal dantzak buztartuz esan daigun, ikuskizunean, Julen Achiary musikaria be izango dala taula ganean.
Izenburuari jagokonez, dantzari biek, euren abizenen zati bat buztartu dabela esan behar, baina “yarin” berbeak “bihar” esan nahi dau turkieraz.
Arriaga antzokian estreinaldia
Bilboko Arriaga antzokian ikusi ahal izango da “Yarin” bihar eta etzi. Bilboko emonaldien ostean, Frantzian edo Colombian be eskeiniko dabe. Sopelan eta Getxon be ikusi ahal izango da urtarrilaren 27an eta zezeilaren 19an.