
Beste urte batez Bermeoko eta Gernika-Lumoko Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen alkartearen Gazteria zerbitzuak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, Busturialdeko XII. Enpresa Ideia lehiaketea antolatu dabe. Aurreko edizinoetan lez, lehiaketaren helburuak kultura ekintzailea sustatzea, enplegua eta aberastasuna sortzea Busturialdean, eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzea eta sustatzea, eta enpresa-proiektu onenak saritzea dira.
18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banaka zein taldeka, parte hartu ahal izango dabe. Baldintza nagusiak Bizkaian erroldatuta egotea, eta aurkeztutako ideia edo enpresa Busturialdean kokatzea dira. Zerbitzu edo produktu baten ideia sortzaileak izan daitekez, edo 2024an edo 2025ean sortutako negozio/enpresak, baina derrigorrez Busturialdean kokatuta egon beharko dabe. Proiektuak edo proposamenak aurkezteko epea zemendiaren 7an (14:0ak arte) amaituko da. Horretarako, izena emoteko fitxa, sustatzailearen datuak jaso behar dauan dokumentua, eta bete beharrezko baldintza guztiak jasotzen dabezan oinarriak www.gaztedibusturialdea.eus webgunean dagoz eskuragarri.
Aurten be lau sari banatuko dira:
- 1. saria: 3.000 euro + urtebeterako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitzaren eskutik
- 2. saria: 2.000 euro + sei hilabeterako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitzaren eskutik
- Lehen sektoreagaz lotutako ideia onena: 1.000 euro (aurreko sarietakoren bat jaso ez badau)
- Errelebo enpresarialaren sari berezia: 1.000 euro (aurreko sarietakoren bat jaso ez badau)
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 4an (19:00etan) egingo da Busturiko BBK Urdaibain. Informazino gehiagorako edo beharrezko eskabideak jasotzeko, interesa daukienek hurrengo kontaktu bideak daukiez: Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzua (GIZ), Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzua eta Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Bulegoa.
Ainhoa Oar Urremendi Landa Garapen alkarteko Gazteria teknikariak azaldu dauanez, urteotan ehunka ideia jaso dabez eta 60 enpresa inguru martxan jarri dira. Balantzea “oso ona” dala azpimarratu dau Oarrek. Aurkeztutako proiektuen artean, osasun arloko proposamenak, adimen artifiziala darabilen ekimenak eta tamainu txikiko negozio barriak nabarmendu deuskuz, besteak beste. Gazteei beldurrik barik aurkezteko deia luzatu deutse Urremendi Landa Garapen alkarteko Gazteria teknikariak, “holango laguntzak aprobetxau” eta ekiteko aukerak baliatzea gomendatuz.