Zabalik dago 59. Durangoko Azoka. Domekara bitartean, euskal sorkuntzan aurten argitaratutakoa danon eskura izango da. Goizeko hamar ta erdietan zabaldu dauz ateak Durangoko 59. Azokak. Ikasle Goiza gaurkoa bertan, eta asko eta asko hurreratu direla esan behar. Gerediagatik, Beñat Gaztelurrutiak esan deusku, ikastetxe batzuk leku barik geratu direla. Ikasleen artean, Usurbilgo Nora eta Unax lehenengoz joan dira gaur Durangora. Irakasleak emondako aginduez gain, lagun eta etxekoek egindako enkarguak betetako asmoz aurkitu doguz.
Urteko euskal sorkuntza danon eskura
274 erakusmahai dagoz guztira eta bederatzirehun nobedade baino gehiago. Hartzea, ematea da leloa aukeratu dau Gerediagak aurten. 2024. urtean euskeraz sortutako literatur arloko, ikus-entzunezko edo musika arloko nobedadeak Durangon dagoz. Beñat Gaztelurrutiak gomendatu dauanez, onena aurretik azokako webgunea ikustea da eta zer erosi edo zer ikusi nahi dan aurretik erabagitzea. Durangoko Azokak datorren urtean 60 urte beteko dauz. Gerediagak azokaren argazkia atara nahi dau, egoerea aztertu eta horretarako, aurten, ikerketea jarri dabe abian. Galdetegiak dagoz, sortzaile, banatzaile edo publikoaren eskura.
Hitzordua sortzaileentzat be
Sortzaileentzat be urteko hitzorduetarikoa izaten da Durangoko azoka. En Tol Sarmiento taldeko Iñigo Etxezarreta bertan da gaur sinadurak eskaintzen. Gogoratu dauanez, urtebeteko atsedenaldia hartu dabe, baina kanta barriak sortzeko asmoa daukie. Durangon, zaleakaz lasai egon ahal izatea eta zuzeneko harremana izatea azpimarratu dauz Etxezarretak. Gaur iluntzeko zazpiretan egingo da Durangoko Azokaren inaugurazino ekitaldi ofiziala San Agustin kulturgunean. Domekara bitartean, zabalik Landako gunean 59. Durangoko azoka.