Orduz aurreratzen diran gabeko kontzertuak, zaratarik bako barraken egunak, sexu-erasoak saihesteko protokolo barriak… Gaur egun Bizkaiko herrietako jaiak biziteko ohiturak orain dala 25 urtekoakaz alderatzen badoguz itxuraz apur bat aldatu dirala igarriko dogu. Atzo bertan Erandioko jaiak hasi ziran eta zapatuan Elorrioko jaiei hasierea emongo deutsie. Udalerri bietako alkateakaz, Aitziber Oliban (EAJ) eta Julene Lazkanogaz (EH Bildu), jai egitarauei buruz eta ohitura aldaketei buruz berba egin dogu gaur “Goizeko Izarretan” saioan.
Sexu erasoak
Sexu erasoak sahiesteko neurriak nabarmen aldatu dira. Udal batzuk euren protokoloak sortu dabez eta gai honetan udalerri batetik bestera ñabardurak dagoz. Erandioko udalak emakumeei eta kolektibo zaurgarriei gabaz etxera oinez edo kotxez lagunduta itzultzeko zerbitzua eskaintzen deutse. “Ez jaku zerbitzu hau emon behar izatea gustetan. Baina uste dogu hobe dala zerbitzu hau emotea beldurragaz bizitea baino. Aintzindariak izan gara zerbitzu hau eskaintzen” aitatu dau Erandioko alkateak, Aitziber Olibanek.
“Gu ez gara programa horreek sustatzearen aldekoak. Non dago emakumeen askatasuna? Ez gara gai etxera bakarrik bueltetatko beldurrez bizi behar dogulako? Etxera oinez lagunduta bueltau behar dogu? Fokoa ez da emakumeengan jarri behar gizonengan baino” azaldu dau Elorrioko alkateak, Julene Lazkanok.
Kontzertuen ordutegiak
“Ohiturak aldaketa demografikoaren ondorioz aldatu dira. Orain helduak eta nagusiak asko gara eta nahiago dogu ekitaldiez egunean zehar gozatu gabaz lo apur bat egin ahal izateko. Erandion kontzertu batzuk arratsaldeko 20:00etan programau doguz” esan deusku Aitziber Olibanek. Erandion, besteal beste, Dupla edo Juanito El Canasteroren kontzertuak eukiko dabez
“Guk momentuz ordutegietan ez dogu aldaketa handirik egin. Elorrion gauean DJak eta Unidad Alavesa zein Nögen musika taldeak eukiko doguz gaueko 22:30etatik aldera” esan deusku Julene Lazkanok. Jaien ostean ordutegien gaia aztertuko dabela esan deusku Elorrioko alkateak.