Indarkeria matxistea antzemateko topaketak eta puntu seguruen mapa

Bermeo eta Elorrioko bardintasun zinegotziakaz izan gara

Zemendiak 25, ekimen ugari indarkeria matxisteari aurre egiteko

Bermeoko agintariak puntu seguruen mapea erakusten / Bizkaia Irratia

Elorriok, indarkeria matxistea antzematen dakien herria izan nahi dau. Bermeon, tabernari eta merkatiariak bat egin dabe puntu seguruen sareagaz. Bizkaiko herri gehienetan egingo dira gaur agerraldiak indarkeria matxistaren amaierea eskatzeko. Elorrion eta Bermeon, udalek abian jarritako ekimen desbardinek erantzun oso ona izan dabe azken hileetan.

Topaketea Elorrion

Elorrion, zemendiaren 20an, alkarte eta erakundeetan parte hartzen daben pertsonei zuzendutako ekimena egin zan. Indarkeria matxistea antzemateko topaketea egin eben. 33 lagun batu ziran, 27 emakume eta 6 gizon. Alazne Mendizabal bardintasun zinegotziak azaldu deuskunez, oso pozik dagoz ekimenak izan dauan erantzunagaz. Alkarte honeen saretze maila hartu behar da kontuan bere esanetan. Elorrion 2023. Urtean 27 indarkeria kasu artatu ziren. Aurten, 9 hiletan 23 kasu daroez. Tokiko Mahaia daukie. Osakidetzako kideak, Udaltzainburua, gizarte langilea eta bardintasun teknikaria dagoz mahai honetan, indarkeria matxisteagaz lotutako guztia aztertzeko.

Puntu seguruen sarea Bermeon

Bermeon, bitartean, herri seguruago bat lortzeko bidean, puntu seguruen sarea osotu dabe. Udal agintarien harridurarako, erantzun oso ona izan dau ekimenak, 10 tabernek eta 24 dendekegin dabe bat. Sarea handitzeko asmoa azaldu dau Arantza Ormaza bardintasun zinegotziak. Esan behar, tabernari eta dendariek zein langileek indarkeria matxistaren aurrean laguntzea emoteko oinarrizko formakuntzea jaso dabela. Sarea handitzea aurrreikusten dabe eta horretarako, puntu seguruen mapa etxe guztietara bialdu da. Euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, errumanieraz eta arabieraz egin dabe mapea. Bideoa be sortu dabe sare sozialen bitartez zabaltzeko. Bermeoko udalak, bestalde, hezkidetza mahaia be badauka herriko ikastetxeakaz. Bermeo eta Elorrioko bardintasun zinegotziak bat etorri dira esatean, indarkeria matxistea guztion ardurea dala eta giza baliabideak behar dirala arazoari aurre egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00