Egun handia izango da domekakoa Gernikan. Izan be, azken hilabeteetan Gernika Jai Alai frontoian jokatutako Winter Series torneoaren finala jokatuko da-eta. Bertan, Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoak, Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopezen aurka jokatuko dabe txapelaren bila. Lau zestalariak eta Aritz Erkiaga –igazko irabazleetako bat Jon Zabalagaz batera- batu doguz mahai baten inguruan Jai Alai frontoian, zestaz berba egiteko.
Solasaldi interesgarria izan da. Domekako finala aztertu dogu bikote biekaz eta Erkiaga “neutrala”gaz. Bost zestalariek garbi daukie domekakoa lehia handiko partidua izango dala eta gauza txikietan erabagiko dala. Zesteak gaur egun Euskal Herrian bizi dauen egoeraz, eta Jai Alai liga barriaren ganean egin dogu berba. Bost pilotariak Ameriketako Estatu Batuetan jokatutakoak dira eta bertan bizi izandako esperientzia be azaldu deuskue.
Diego Beaskoetxearen azken partidua izango da domekakoa. Beste lau zestalariek, ostera, profesional mailan jokatzen jarraituko dabe eta zestearen etorkizuna nondik joan daiteken be aztertu dogu Bizkaia Irratiak antolatutako tertulian. Baikortasuna da nagusi pelotarien artean, zaleen erantzun bikaina ikusita batez be. Bide batez, gogoratu egin gura deutsuegu, Bizkaia Irratiak zuzenean eskeiniko dauela datorren domekako finala. Jon Zabala, igazko irabazlea, eukiko dogu geugaz irrati emonkizuna aberasteko.