Irati Gorostidi zinemagile nafarraren Aro Berria filmea estreinauko da bihar. Donostiako Zinemaldian epaimahaiaren aipamen berezia jaso eban filmeak New Directors sailean. Irati Gorostidiren lehen film luzea da. Aurretik, Contadores film laburra egin eban eta honen jarraipena litzateke Aro Berria. Gorostidik azaldu dauanez, bere aitak Arco Iris komunidadearen ganean itxitako liburu bat izan zan filmea egiteko abiapuntua. Komunidade hau 70ko hamarkadaren amaieran sortu zan Ultzama inguruan. Ikastaro batzuk eskaintzen ebazan eta horreek be deitu eben zinegilearen arreta. Gorostidik garaiko materialak eta historiak ikertu ebazan filmea egiteko. Ikerketa horrek langileen mugimendura eroan eban. Donostian kokatzen da filmearen istorioa. Lantegi bateko beharginek huelgea egitea erabagitzen dabe, baina azkenean bertan behera geratzen da. Etsipenez batzuk, mendian bakartuta bizi dan komunidade baten sartzea erabagitzen dabe.
Erakusketea be bai
Maite Mugerza, Oscar Pascual, Aimar Uribesalgo, Edurne Azkarate eta Jon Ander Urresti dira aktore protagonistak. Jan Cornet, Oliver Laxe eta Javier Barandiaran aktoreak be kolaboratzaile modura agertzen dira. Aro Berria filmeak kritika oso onak jaso dauz orain arte. Erradikaltasuna eta askatasuna azpimarratzen dira. Gorostidik dino, ezaugarri bi horreen bila ibilten dala bera. Estaduko hainbat zinemalditan aurkeztu da orain arte Aro Berria. Etorkizunean, nazinoarteko zinemaldietan erakustea da asmoa. Donostiako Tabakaleran bestalde, ArcoIris 82 erakusketea dago ikusgai urtarrilerarte. Filmeagaz lotutako argitaratu bako materiala biltzen da bertan bideo-instalazino baten bitartez.
