Datorren urriaren 22an ospatuko da Zornotzako Nazinoarteko Kroseko 69. edizinoa Amorebieta-Etxanoko Jauregibarria Zelaietan. Nazinoarteko Atletismo Federazinoak, World Athleticsek, krosaren egutegian egindako aldaketaren ostean, Munduko Kros Zirkuituaren hiru mailen sorrereagaz (Urrea, Zidarra eta Brontzea), Zornotzako Krosa, aurreko bi urteetan bezala, maila gorenean dago aurton be (Urrea, Gold). Horrela lasterketa zornotzarra munduko kros proben zirkuituko gorenean jarraitzen dau, 1991-2002 bitartean eta 2021ean eta 2022an izan zan bezala.
Maila guztientzako lasterketak ospatuko dira, Sub12 mailatik maila absolutura, gizonezko eta emakumezkoetan. Gainera, herri lasterketa mistoa eta desgaitasuna daben atletentzako lasterketak be egingo dira.
Aurtengo edizinoko barrikuntza gisa, atletak gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan egingo dituen distantziak bardinak izango dirala, eta horrek aldaketa txiki bat ekarri dau lehiaketaren ordutegian.
Gainera, Euskadiko kross antolatzaileen ekimenez, eta Euskadiko Atletismo Federazinoaren eta hiru lurraldeetako federazinoen (Arabakoa, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa) laguntzeagaz, Euskadiko Kros Liga sortu da aurton. Euskadin egiten diran kros proba guztiak biltzen dituen zirkuitua da, Zornotzako Krosagaz hasten dana eta urrian, zemendian eta gabonilean zehar garatuko dana.
Nazinoarteko proba absolutuak (12:15ean emakumezkoak eta 13:00etan gizonezkoak) Euskal Telebistak zuzenean emongo dauz. Gainera, RTVEko kiroletako kate tematikoak, Teledeportek, bi proba horreen errepikapenak be emongo dauz astean zehar.