Hogeita bi urte igaro dira Zuberoako ikastoletako gurasoek gabonetarako saskien salmentea antolatzen hasi ziranetik. Ikaskoli ekimenaren helburua argia da: Zuberoako ikastolak diruz laguntzea eta tokiko ekoizle txikien ekoizpenak ezagutarazotea. Aurtengo kanpainea abian da. Zemendiaren 23ra bitartean egin ahal izango da eskaria www.ikaskoli.eus webgunean, eta saskiak abenduaren 12an banatuko dira Euskal Herri osoan. Hiru saski mota eskaintzen dira: Pettarra, Arbaila eta Basabürüa. Saski hauek ikastola biakaz loturea daukien ekoizleei esker osotuten dabez.
Artzen Letona Sohütako Ikastolako gurasoa eta Ikaskoli kanpainako kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, helburua “ikastolak sostengatzea eta euskarazko irakaskuntza lehenesten daben familien beharrizanak ikusgarri egitea” da. Letonak gaineratu dauanez, Ipar Euskal Herrian euskarak ez dauka babes ofizialik. Euskara, hizkuntza gitxiagotua gelditu da. Euskerearen etxeko transmisinoa Zuberoan eteten ari dan bitartean, ikastolek euskerearen transmisinoa bermatzen dabe. Funtsezko papera daukie Ipar Euskal Herrian euskararen biziraupenean. Gaur egun ikastola bi dagoz Zuberoan: Basabürü (Aloze) eta Eperra (Sohüta).
Urtetik urtera Ikaskoli ekimeneko saskien salmentak handitzen joan dira. Igazko kanpainan, 2024an, 2.200 saski saldu ebezan.
