Ondarroako Arrantza Eskola barria inaugurau dabe

Ohiko graduakaz batera Nabigazinoko eta Arrantzako Erdi Mailako ziklo barri bat eskainiko da
Itsas nabigazinorako simuladorea / Bizkaia Irratia

Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskolak gaur goizean inauguratu dauz haren instalazio barriak, lehengo Txomin Agirre ikastolako egoitzan kokatuta dagoz, udalerriko Kamiñazpi auzoan, 2,5 milioi euroko inbertsioaren ondoren. Inbertsioa ikastetxearen titularra dan, parrokiagaz batera, Bilboko Gotzaindegiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailak ordaindu dabe. Arrantza eskola barriak itsas-arrantza sektorea bultzatzea ahalbidetuko dau Bizkaian eta, bereziki, Lea Artibai eskualdean. Arrantza Eskolak, instalazio fotovoltaiko bat izango dau teilatuan, elektrizitatez hornituko dauana eraikin osoa, eta horrek are jasangarriagoa egingo dau ikastegia.

Gotzaindegiak 1949an San Inazio kalean inauguratu zan Arrantza Eskolaren egoitza ordezkatzea erabaki eban, Ondarroako parrokiaren bultzadagaz eta auzokideen, kofradiaren, armadoreen eta eskualdeko hainbat enpresaren lankidetzagaz, instalazioak egungo prestakuntza beharretara egokitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta ikastegia azken barrikuntza teknologikoekaz hornitzeko. Holan, arduradunek nabarmendu dabenez, arrantza eskola barria, 2.500 metro koadrotik gorako patioak kontau barik, Lea Artibai eskualdeko hezkuntza eskaintza zabalduko dau, hezkuntza lidergoa hartuko dau eta itsas-arrantza sektorea sustatuko dau.

Eraldaketa sakonari esker, Arrantza Eskola barriak Nabigazioko eta Arrantzako Erdi Mailako ziklo barri bat eukiko dau, gainerako hezkuntza eskaintzari gehituko dana: Itsas Mekanikako Erdi Mailako Gradua, Alturako Patroiaren Goi Mailako Gradua eta Makinen Goi Mailako Gradua. Horrez gain, ikastegiak abian jarriko dau hurrengo hilabeteetan Ethazi metodologia barritzailea. Horren bidez, ikasleek erronka eta proiektuen bidez lan egiten dabe, ikaskuntza praktikoagoa eta dinamikoagoa eginez. Gainera, arautu gabeko prestakuntza hezkuntza eskaintzan ere sartuko da, lanbide ziurtagiri barriekaz. Holan, besteak beste, sakonera txikiko urpekaritza profesionaleko ikastaroak emongo dira Ondarroako portuan, itsas-arrantzako prestakuntza osatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00