«All Iron Zubia», Barakaldo eta Erandio arteko zubi mobikorra

Bizkaiko industriaren historiaren funtsezko zati bat omenduko dau itsasadarrean
Jose Angel Iribarrek eta Unai Rementeriak emon dabez proiektuaren barritasunak / Bizkaia Irratia

Barakaldo eta Erandio arteko zubi mobikorra lurraldearen eraldaketa barriaren ikono izango da. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri dauenez, zubiaren izena “All Iron” izango da, XIX. mendeko burdina eraldatzen eban industria handiaren omenez.

“Bizkaiak erronka handiei egin behar deutse aurre, halan zelan eraldaketa energetiko, digital eta soziodemografikoei. Alde horretatik, zubiaren helburua garapen iraunkorrago bati ekitea da, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko” zehaztu dau Unai Rementeriak (BFA).  Zubiak funtsezko zeregina izango dau mobikortasun iraunkorragoa sustatzeko. Erandio eta Barakaldo oinezkoentzako eta bizikleta erabiltzaileentzako bide batez lotuko dauz.

Zubiaren ezaugarriak

Zubi mogikorraren metalezko egitura harkaitz-oheari ainguratutako 12 zutabetan oinarrituko da, bi tarte finkotan eta bi tarte mobikorretan banatuta. Bi tarte mobikorrak erloju-orratzen noranzkoan biratuta edegiko dira; holan, Barakaldotik gertuen dagoan zatian erdiko baoa ibaian gora orientauta geratuko da, eta Erandiokoan, ibaian behera. Gaur egun, zubiaren proiektua lizitazino-aldian dago, eta hilebete honetan amaituko da. 30 hilabeteko epean beteteko onartu da. Zubia eregiteko erabiliko dan aurrekontua 26 milioi euro ingurukoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular