EHUk bere komunidadeko zazpi emakume omenduko dauz

Andreen eskubideen defentsan egindako ibilbidea autortuko jake bihar
Errekonozimendua jasoko daben EHUko andrak / Bizkaia Irratia

Euskal Herriko Unibertsidadeak (EHU) ekitaldi instituzionala egingo dau barikuan, martiaren 10ean, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko areto nagusian. Eva Ferreira errektorea izango da buru eta unibersidadeko komunidadeko zazpi kideri omenaldia egingo jake, emakumeen eskubideen defentsan egindako ibilbideagaitik.

Hain zuzen, EHUk jakinarazo dauenez, Mari Luz Esteban (Arte eta Giza Zientziak), Mirari Antxustegi (Zientziak), Paz de Corral (Osasun Zientziak), Maggy Barrere (Gizarte eta Lege Zientziak), Enkarni Gomez (Ingeniaritza eta Arkitektura), Lourdes Arrien (Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala) eta Vicky Ateca (in memoriam) omenduko dabez.

Omenaldia 11:30ean hasiko da, baina aurretik, EHUko Bardintasunerako Zuzendaritzaren 2022-2023ko sariak banatuko dira: Genero ikuspegia gradu amaierako lanetan barne hartzearen Francisca de Aculodi sariaren 9. edizinoa; EHUko Master amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzearen Maria Goyri sariaren 11. edizinoa; Ikasketa feministei edo genero ikerketei buruzko EHUko tesi onenaren Micaela Portilla Vitoria sariaren 10. edizinoa. Eva Ferreirak amaituko dau ekitaldia, eta ondoren bertso saioa egingo dabe Alaia Martinek eta Miren Amurizak (gai jartzaile Amaia Agirre).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular