Iribarren eskultura barria San Mameseko zabalgunean eregiko da

Brontzezko estatua 2023a amaitu baino lehen jarriko da
Proiektuaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Jose Angel Iribarrekin batera, Iribarren omenezko eskulturea non eregiko dan azaldu dabe. Aukeratutako lekua ezinhobea izan da: San Mames. Artelana eskulturak egiten espezializautako Alfa-Arte euskal enpresak egingo dau, Iribarren argazki ikonikoetako bi erreferentziatzat hartuta. Bi irudietan, Iribarren figura dotore eta luzea nabarmentzen da.

Brontzezko estatuak, naturala baino eskala handixeagoan, 2 metro eta 10 zentimetroko altuera izango dau eta metro bat baino apur bat gehiagoko altuera dauen oinarri baten gainean egongo da. Inaugurazinoaren data ez dago zehaztuta hondino baina datorren denporaldian izango da.

Errekonozimendua

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, esker oneko berba hunkigarriak eskaini deutsaz Iribarri hitzaldiaren hasieran: “Eskerrik asko Bilbon Athleticekiko maitasun kontua ez eze, kirolaren balioa, errespetua, laguntasuna eta beste balio ugari erakusteagaitik” azpimarratu dau Aburtok.

Eguneko azkenengo berbaldian, hunkituta egoan Jose Angel Iribarrek beste behin be eskertu dau omenaldi barri hau, gogoratuz bere eskulturea “historian zehar Athleticen kamiseta jantzi daben jokalari guztien aintzatespena” dala. Aurkezpenaren eszenaratzeak ekitaldia sinbolismoz bete daben bi elementu izan dauz. Alde batetik, Athletic Cluben 125. urteurrenaren logoa dauen egurrezko kubo bat jarri da etorkizuneko eskulturaren inguruan. Gainera, Lezamako harrobiko ordezkaritza batek, beheko maila guztietako hogei bat atezain gaztek, José Angel Iribar babestu dabe egun horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular