Beñat Katarain eta Oihana Zubillaga garaile X. Amurrio Trailean

Izaskun Bengoa eta Pedro Romero Urnietako Ibilketa Nordikoko EH Kopa eskuratu dabe
Beñat Katarain eta Oihana Zubillaga Amurrioko podiumean / X Amurrio Trail

EH Kopako seigarren proba joan dan larunbatean ospatu zan X. Amurrio Trail lasterketearen barruan, 31 kilometro eta 1.750 metroko desnibel positiboarekin, bero eta hezetasun baldintza oso gogorretan, Amurrio Trail Taldeak eta EMFk antolatutako ekitaldi batean.

Amurrioko Juan de Urrutia plazan izan zan Mendiko Lasterketen EH Koparako puntuagarria dan Amurrio Trail lasterketaren hamargarren edizioaren irteera eta helmuga.

Gizonezkoetan Beñat Katarain nagusitu zan, nahiz eta Ibai Makazagak Unginora iritsi arte lasterketearen buruan zan, lehenengo 15 kilometrotan. Bazirudien Julio Salazar zala Soronea Ama KKren atzetik joateko gai zan bakarra, baina Katarain behetik gora egin eban, eta ibilbidearen bigarren zatian erritmo ezinezkoa ezarri eutsen gainerako aurkariei 2:53:57ko denborarekin helmuga zeharkatu arte. Salazarrek bigarren postua lortu eban eta Victor Bernedok osatu eban podiuma, hirurak 3: 00etatik behera.

Emakumezkoetan, Oihana Zubillagak eta Maud Combarieuk lehia polita eskaini eben lasterketearen lehen herenean. Combarieuk sufritu eban Agiñagatik Unginorako tartean, baina Zubillagari presioa sartzeko bezala suspertu zan, honek ez baitzuen inoiz ahuleziarik erakutsi.

Ama Soroneako korrikalariak 3:45:09 erabili ebazan ibilbidea betetzeko, bere atzetik podiuma osatu eban Combarieu eta Oihane Unzalu.

Aratz Beobide, distantzia luzeko Orientazio Kadete mailako Europako txapeldunordea

Bestalde, pasadan asteburuan Kadeteen Europako Orientazio Txapelketa ospatu da Bulgariako Velingrado herrian. Bertan, Aratz Beobide Lertxundi Getariako orientatzaileak, Espainiako selekzioarekin bere sailkapena lortu ebanak, zilarrezko domina eskuratu dau proba luzean M16 kategorian, Aapo Virkajarvi finlandiarrak bakarrik gaindituta, ibilbide osoa 46:58an burutu ebana.

Denbora gehiago eman eban Beobidek, 50:30 hain zuzen be, eta 11 segundogatik gailendu jakon podiuma osatu eban Erik Heczko txekiarrari. Historikoa izan zan euskal korrikalariak lortutakoa:

“Basoan erosoago sentitzen naiz eta lasterketan zehar akats batzuk egin baditut ere, oso pozik nago emaitzarekin”. Adierazi eban euskaldunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00