Galdakaoko gerrako umeen zerrendea osotzen hasiko dira

Galdakaoko Udalak, Galdakao Gogorak eta Intxorta 1937 alkarteak hitzarmena sinatu dabe
Ezkerretik eskumara, Kepa Lizarraga, Yolanda Larrea, Iñigo Arriandiaga eta Juan Ramon Garai / Galdakaoko Udala

Maiatzaren 19an 89 urte beteko dira Galdakaok 1936ko gerran jasan eban bonbardaketa lazgarrienetik. 1937an Francoren agindupean ebilzan hegazkinek egindako erasoak Plazakoetxeko babeslekuan egozan 16 pertsonen heriotza eragin eban. Urtero lez, Galdakaoko Udalak hainbat oroitzapen ekintza antolatu dauz, biktimen memoria bizirik mantentzeko eta herriaren memoria historikoa berreskuratzeko lanari jarraipena emoteko.

Testuinguru horretan, Galdakaoko Udalak, Galdakao Gogora eta Intxorta 1937 memoria alkarteakaz batera, lankidetza hitzarmena sinatu dau. Akordio honen helburua gerra horren barruan erbesteratutako Galdakaoko haurrei buruzko informazinoa ikertzeko eta biltzeko lan bateratua bultzatzea da. Iñigo Arriandiaga alkateak gogorarazo dauanez, “Udalaren betebeharra da, eta bizi dugun garaian are gehiago, memoria lantzea, beti egongo dalako zer ikertu, zer argitu…”. Galdakao Gogoratik, Kepa Lizarragak “urte luzez isilik egon diran pertsonei” dei egin deutse, Intxorta 1937gaz alkarlanean egiten dabilzan lanari erreferentzia eginez. Horren harira, Juan Ramon Garaik “erbesteratu ebezan pertsonen zehetasun guztiak aztertzea” dala euren lana adierazo dau, “edadea, zelan bizi izan ziran, nora joan ziran eta abar jasoz”, helburua “ahalik eta ondare osotuena lortzea” dalako. Horretarako, egiten dabilzan “artxibo lan handia ez da nahikoa; funtsezkoa da alkarteakaz eta komunidadeagaz lankidetzan aritzea”, aitortu dau Intxorta 1937 alkarteko kideak.

Hiru erakundeen arteko akordioaren barruan, gerra umeen zerrenda osotzen hasiko dira. Oraingoz zerrendatuta dagozan pertsonen izenak ikusteko eta euren ekarpenak egiteko aukera izango dabe herritarrek Galdakaoko Udalaren webgunean sortutako atalaren bitartez.

Oroitzapen ekintzak

Programautako ekitaldietako lehenengoa, maiatzaren 17an izango da, domekaz. Galdakao Gogorak Burdin Hesiaren ganeko bisita gidatua antolatu dau. Urteera Kurtzeko plazatik izango da, 09:00etan, eta ibilbidean zehar herriko garai hartako defentsa aztarnak ezagutzeko erea izango da.

Maiatzaren 19an Plazakoetxen egingo da ohiko omenaldia, 12:00etan, garai hartako hegazkinen erasoen kontrako babeslekuaren ondoan. Udalak bonbardaketaren biktimen eta gerraren ondorioak jasan dabezan guztien oroimenez lore eskaintzea egingo dau. Egun bereab, 19:00etan, Katixa Agirreren Barne zerbitzuak eleberriaren aurkezpena izango da Torrezabal Kultur Etxean, Galdakao Gogoraren eskutik. Lanak 1937 eta 1943 urteen arteko garaia islatzen dau, 1936ko gerraren eta Bigarren Mundu Gerraren testuingurua, eta euren bizia arriskuan jarriz beste askoren bizitza salbatzen lagundu eben emakumeak daukaz ardatz.

Galdakaoko Udalak, Galdakao Gogorak eta Intxorta 1937k antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dabez herritar guztiak. Era berean, herriaren memoria historikoa berreskuratu eta jagoteko hirurek abiatu daben ekimenean laguntzera be deitu dabez galdakoztarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00