Ondarroako portuan babes-dikea indartzeko obrak hileon hasiko dira

Lanek 14 hilabete iraungo dabe eta inbersinoa ia 4 milioi eurokoa izango da
Ondarroako portua / TYPSA

Eusko Jaurlaritzak garagarrilaren bigarren hamabostaldian hasiko dauz Ondarroako dikea indartzeko lanak. Obra horreetan aurreikusita dago 20, 45 eta 60 tonako blokeak eregitea eta kaiaren kanpoaldean jartea. 60 tonakoak dikearen muturrean kokatuko dabez. Lanak asteon hasi arren porlanezko blokeak ez dabez datorren urteko udabarrira arte jarriko. Hasierako lanek ez dabe eragin handirik eukiko Ondarroako joan-etorrietan.

Jaurlaritzak 2021ean enkargatu eban Ondarroako portuko babes-dikea indartzeko proiektua. Proiektu horretan, ezpondak indartzeaz gain, gainezkatzea txikitzea aurreikusten zan, jasangarritasunaren, ingurumenaren eta ikus-inpaktuaren muga onargarrien barruan. Dikearen egungo egoerea eta proiektautako soluzinoaren portaereea zehatz-mehatz ezagutzeko, 3D eredu fisikoan egindako saiakuntza bat egin zan.

Proiektuak 60 tona arteko eta 2,75 t/m³-ko densidadeko hainbat bloke jartea aurreikusten dau. Blokeak jarteko, 600 tonako ahalmena dauen garabi bat erabili beharko da. Handitze-jarduera hori izango da portuko zeregin nagusia 2023. urte honetarako, blokeak 2024ko udaberrian/udan jarriko baitira.

Typsa ingeniaritza-enpresak idatzi eban indartze-proiektua, eta Obraren Zuzendaritzarentzat laguntza teknikorako lanak be egingo dauz. Obraren kontratua DIQUE ONDARROA (Amenabar-Altuna-Uria) aldi baterako enpresa-alkarteari adjudikau jako, 3.998.635,10 euroko aurrekontuagaz eta hamalau hilabeteko egikaritze-epeagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00