“BBK Artearen Ibilbidea” Getxora iritsi da

Hil honen 17ra arte ikusi ahal izango dogu bertan
Laugarren BBK Artearen Ibilbidearen kartela / Bilbao Museoa

BBK Artearen Ibilbidea, Arte Ederren Museoaren eta BBKren eskutik datorren programea, Getxora iritsi da, artearen historiako zenbait unetan Bizkaiko irudia erakustea helburu izanda.

Proiektu hau maiatzean hasi zan Bilbon, eta Bizkaiko hainbat herritatik igaro ostean, orain Getxoko bizilagunek Evaristo Churruca kai-muturrean jarriko dan erakusketea ikusi ahalko dabe datorren astelehenera, garagarrilaren 17ra arte. Erakusketean hogeita hamar bat artistak egindako 36 lan dagoz: 30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat. Horrela, “Bizkaiari begira” programak lurraldearen “erretratu” bat egiten dau adierazpen artistikoen (30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage baten) bidez, kronologia luze batean zehar, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte.

Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasoten dabe: landa-guneak, Kantauriko kostaldea eta bertako portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia edo Abra), uri eta industria paisaiak (Bilbo, Erandio edo meatze-herriak) hainbat udalerri eta eskualdetakoak: Durango, Balmaseda, Zeanuri, Gernika, Busturialdea, Urdaibai… Era berean, giza presentziak (‘paisanaje’az hitz egiten eban Unamunok) paisaiagaz bat egiten dau Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen daben jardueretan: itsasoko jendearen, nekazarien eta langileen beharra, prozesinoak eta mistizismoa, aisia erromeria eta estropadetan, bolo-jokoan eta bertsolaritzan… kulturea eta historia. Friso handi bat, Luis Paret-en eszena idealizatuetatik hasi eta Agustin Ibarrolaren salaketa politikoraino doana. Horretarako ─eta BBKren eta museoaren ekimen bateratuari esker─, Artearen Ibilbideak museoaren bildumako obren kalitate handiko erreprodukzinoak eskaintzen dauz espazio publikoetan. Horretarako, datozen hilabeteetan (maiatzetik azarora) bisitauko dauzan Bizkaiko 28 herrietako udalen laguntzea izango dau, topagune publiko irisgarrietan eta aire zabalean hartuko dabelako ekimen hau astebetez; hona hemen udalerri horreek: Bilbo, Barakaldo, Muskiz, Portugalete, Trapagaran, Abanto Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Garai eta Durango. Erreprodukzino bakotxagaz batera, jagokon kontserbazino-iruzkina dago. Iruzkin hori QR kode baten bidez be lor tu leiteke eta kode horrek museoaren webgunean guztirako sarbidea emoten dau (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).

Proiektua José Luis Merino Gorospek egin dau, museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak. Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzas eta César Ochoa ekimen honen proposamen didaktikoaz arduratu dira, doako bitartekotza-programa bat abian jarriz. Programa horren barruan, ikastetxe eta kultur elkarteentzako bisita komentatuak dagoz, eta erakusketea ikustera hurbiltzen diran bisitarien kontsultei erantzungo jake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00