Santurtún artistaren erakusketa berria ireki dau Durangoko Arte eta Historia Museoak

Artista barakaldarrak 30 piezaz osatu dauzan erakusketea eguen honetan hasi eta irailaren 3ra arte luzatuko dana
Durangoko Arte eta Historia Museoa / Durangoko Udala

Durangoko Arte eta Historia Museoak Javier Santurtún (Barakaldo – 1.956) artistak espreski prestatu dauan ‘EMOIGUZU GAUR: Danos hoy nuestro pan’ erakusketa martxan jarri dau eguen honetan. Berau aurkeztu asmoz, Santurtún berak zein Museoko eta Udaleko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dabe Museoan bertan. Eguen honetan inauguratuko da erakusketea, 19:00etan, artistak berak eskainiko dauan bisita gidatu batekin, eta irailaren 3ra arte luzatuko da.

Erakusketan artistaren azken obrak biltzen dira, guztiak erakusketa honetarako espreski egindakoak. Santurtúnek egindako lan gehienak eskultura publikoak izan dira, eta Durangoren kasuan Benita Uribarrena parkea dekoratzen dauzan eskulturak dira artista barakaldarraren lanaren adibidea. Eguen honetan hasi berri dan erakusketarako, berriz, dimentsio txikiagoko lanak egin dauz. Materialaren kasuan be
aldaketa nabarmena egin dau, egurrezko eskulturak lehenetsi baititu.

Erakusketari dagokionez, eskultura antropomorfoak atondu dauz, batzuk egunerokotasunetik ateratakoak, beste batzuk literaturaik edo erlijiotik, beste batzuk Artearen Historiatik edota artista propioen erretratuak, betiere Santurtúnen lanen izaera industriala alde batera utzi gabe. Erakusketan 30 eskultura baino gehiago biltzen dira.

Santurtúnen arabera, “arteak negarra eragin behar omen deusku. Edertasuna hainbesterainokoa izan behar da, ezen astindu egin behar baikaitu. Eta barrez leherrarazi, zoriontasunez eta esker onez. Barreak eta negarrak bihurtzen gaituzte hain gizaki. Nahiko nuke nik neuk be nire saiakeren emaitza pobre hauek zuek hunkitzeko eta astintzeko gai balira. Zer erakuts dezakete gaur aurkezten ditudan artelanek? Hauskortasuna, hauskortasuna, hauskortasuna”.

Santurtún Barakaldon jaio zan 1956an, eta Arte Ederretan lizentziatu zan 1985ean, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Artista hau 1976a baino lehenagotik aritu da pinturan, urte horretan egin baitzuen lehen erakusketa. Artistak Gaztelueta ikastetxeko Arte Plastikoen Sailean lan egin eban 1979tik 1999ra, arte hezkuntza eta bere sormen proiektuak uztartuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular