Nico Williamsek kontratu barritzea ospatu dau Rayoren kontra gola lortuz (4-0)

Guruzetak, Espinok (bere atean) eta Iñaki Williamsek sartu dabez beste golak San Mamesen
Nico Williams eta Gorka Guruzeta, Rayoren aurkako gola ospatzen / Athletic Club

Athleticek Nico Williamsen kontratu barritzea ospatu dau Rayo Vallecanoren kontra San Mamesen, EA Sports Ligako 15. jardunaldiko partiduan. Lehoiak goitik behera menderatu dabe partidua eta bigarren zatiaren hasieran bideratzea lortu dabe. Athleticen erakustaldia erasoan: lau gol lortu dauz, baina batzuk gehiago izan eitekezan. Athleticek pausu sendoz jarraitzen dau Europako postuengaitik burrukan, bosgarren postuan sendotuz eta lehenengo lau sailkatuei oso hur dagoala abisauz.

Partidu zirraragarria izan da. Erritmo biziagaz ekin deutse talde biek. Athletic abiseten hasi da Sancet eta Williams anaiekin, Dimitrievskiren area inguruan arriskua sortuz. 13. minutuan Guruzetak Athletic markagailuan aurreratzea lortu dau, baina epaileak balio barik itxi dau. Nico Williams jokoz kanpo egoan Guruzetari pasea emon aurretik.

Ostean, zuri-gorriak egin dira baloiaren jaube, eta aurrea hartu dabe markagaituan. Guruzeta izan da golegilea (1-0) 23. minutuan. Aurrelariak ez dau barkatu Dimitrievski atezainaren aurrean, Sanceten pasea jaso ondoren.

Partiduko onena, baina, iristear egoan. Lehenengo zatian Athletic izan da nagusi, baina markagailuan hori ez da irmetasun beragaz islatu. Dana aldatu da bigarren zatiaren hasieran, eta hori Unai Lopez bardintzeko zorian egon dala Athleticek defentsan akats bat egin ostean. Ia segiduan talde bilbotarrak 2-0ekoa jarri dau markagailuan (47. minutua). Iñaki Williams-en erdiraketa bat Espinok desbideratu dau eta bere atean sartu dau baloia.

Bigarren gola, bigarren zatia hasi eta berehala, kolpe latza izan da Rayorentzat. Francisco Rodriguez entrenatzaileak hiru aldaketa egin dauz, Kike Perez, De Frutos eta Trejo sartuta, eta Rayok erasora jo arren, Athletic beste astindu bat emon eta hirugarren gola lortu dau. Guruzetak ezkerretik erdiratu eta Iñaki Williamsek errematau dau area txikian (3-0, 64.minutuan).

Asteon Bilbon izen bat izan da protagonista, Nico Williams. Williams anai txikerrak 2027ra arte barriztu dau kontratua, zurrumurruei amaierea emonez. Eta Nicok gol bategaz ospatu dau kontratua barritzea. Area kanpotik egindako jaurtiketa bategaz Dimitrievski gainditu dau (4-0, 68. minutuan).

4-0ekoarekin, Valverde bere jokalariak dosifiketen hasi da, eta Muniain, Yuri Berchiche edo Berenguer zelaraitu dauz, De Marcos, Iñaki Williams edo Sancet jokalariei atsedena emoteko. Azkenengo minutuetan Rayok, suerte barik eta ia fede barik, ohorearen gola bilatu dau, baina markagailuan ez da aldaketarik izan. Athleticentzat hiru puntuak, eta talde bilbotarrak bolada onari eusten deutso.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular