Arriagako ‘Die ersten Menschen’ operarako sarrerak salgai

Euskadiko Orkestrak Abonu Denboraldiaren lehen operea 2024ko apirilaren 18an eta 20an estreinauko dau
Die Ernsten Menschen operaren kartela / Euskadiko Orkestra

23/24 Denboraldiaren barruan, Euskadiko Orkestrak Arriaga Antzokiaren ekoizpen barri batean parte hartuko dau, Die ersten Menschen operan, alegia. Rudi Stephanek sinatutako opera baten antzezpena izango da, Calixto Bieitoren eszena-zuzendaritzarekin eta Robert Treviñoren musika-zuzendaritzarekin. Bibliako lehen familiaren historia kontatzen dauan konposizio bikain  hau Bilboko Arriaga Antzokian taularatuko da 2024ko apirilaren 18an eta 20an, eta sarrerak salgai dagoz jada.

Die ersten Menschen paisaia primitibo zabal batean gauzatzen da. Bertan, gizateriaren Bibliako historiaren lehen familia da protagonista: Eva, Adan, Kain eta Abel. Otto Borngräber alemaniar egileak «Erotisches Mysterium» (Misterio erotikoa) azpitituloa jarri eutson bere lan batean oinarrituta sortu eban libretoari. Bibliako historiaren interpretazino sinboliko horrek bere garaian goia jo eban eta psikoanalisian oinarritu zan, argi eta garbi: Freud entzuten da hondoan. Borngräberrek erakusten dau familia primitiboa urratuta dagoala bi muturren arteko tentsinoagatik; aurrez aurre dagoz, alde batetik, sexu-bulkada eta bizitza gutiziatsua eta, bestetik, espiritualtasunari eskainitako bizitzea.

%25eko deskontua Euskadiko Orkestraren abonatuentzat

Euskadiko Orkestraren Bilboko abonatuek operarako gordeta izango dabe besaulkia, euren abonamenduaren barruan. Aurrerago jakinaraziko jake nola eskuratu sarrera. Era berean, uri guztietako (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruña) abonatuek sarrera solteak erosi ahal dabez prezio orokorraren gaineko %25eko deskontuarekin. Deskontudun sarrerea erosi ahal izango da leihatilan (NAN eta abonu-txartelarekin) edo Arriaga Antzokiaren webgunearen bidez (‘deskontuak daukazan taldeak’ atala aukeratu).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00