Athleticen bolada ona mantsotu dau Elchek (1-1)

Talde zuri-gorriak hamaika aukera euki ditu lehen zatian garaipena lortzeko, baina puntu bik iges egin dabe San Mamesetik
Iñaki Williamsek euki dau arratsaldeko aukerarik garbiena / Athletic Club

Athleticek bardinketa gazi-gozoa eskuratu dau Elcheren kontra San Mamesen, ligako 5. jardunaldian (1-1). Gazia, Athletic Elche baino gehiago izan dalako lehen zatian, baina gozoa, lehoiak atzetik ziralako markagailuan 10 minuturen faltan. Esan dogunez, lehoiek makina bat aukera euki dabez lehen zatian hiru puntuak San Mamesen gelditzeko, baina ez dabe asmatu eta Alacanteko taldea partiduan hazten joan da. Kanpotarrek penalti puntutik sartu dabe euren gola bigarren zatiaren hasieran, baina Iñaki Williamsek bardinketa emon deutso talde bilbotarrari. Kontuak kontu, puntu bik iges egin dabe San Mamesetik.

Funtzionetan dauana, bere horretan utzi. Atletico Madrilen aurka 3-0 irabazi eta gero, Edin Terzicek ez dau ezelango aldaketarik egin hasierako hamaikakoan. Pasa dan jardunaldiko 11 lehoiek errepikatu dabe. Athleticek ondo ekin deutso partiduari. Esaterako, 6. minutuan, Sancetek erdiraketa ederra jarri deutso Iñaki Williamsi, baina kapitainak baloia kanpora bialdu dau, ate osoa hutsik euki arren. Atsedenaldira heldu aurretik, 41. minutuan, Robert Navarrok langara bialdu dau bere errematea, Dituro atezainak desbideratu ostean. Aitatutako aukera biak izan dira zuri-gorriek eukindako onenak lehen 45 minutuetan. Dana dala, askoz gehiago izan dira. Athleticek 13 erremate egin ditu lehen zatian; Elchek, ez dau errematerik egin.

Halanda be, bigarren zatia hasi eta berehala, Aresok penaltia egin deutso Valerari eta Buonanottek kanpoko taldea aurreratu dau markagailuan, norgehiagoka osoan hiru zutoinen artean egindako erremate bakarrean. Gola jaso eta gero, Athleticek partiduaren kontrola eukiten segidu dau, lehen zatian baino arrisku gitxiago sortu arren. Dana dala, futbola minimoki justua izan da zelaian ikusitakoagaz, Athleticek ez daualako partidua galtzea merezidu. 79. minutuan, jokaldi korapilatsu batean, Williams anai nagusiak bardinketaren gola sartu dau, Berenguerren asistentzia jasota. Athleticek sakatu egin dau garaipenaren bila azken minutuetan, baina ez da bigarren gola heldu.

Denporaldiak ez dauka etenik

Athleticek lau egun barru jokatuko dau barriro be ligan. Zuri-gorriek partidu biko astea dauke aurretik. Eguaztenean, Levanteren kontra jokatuko dabe Valentzian bizkaitarrek, ligako 6. jardunaldian, gaueko 21:30ean. Ostean, datorren zapatuan, irailaren 19an, denporaldiko lehen euskal derbia hartuko dau Katedralak. Athleticek Alavesen kontra jokatuko dau, arratsaldeko 16:15etatik aurrera. Bost jardunaldi jokatuta, Athleticek zazpi puntu ditu eta ligako zortzigarren sailkatua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00