BFArekin eta EJrekin “mugikortasun mahaia” eskatu dabe txirrindulariek

Udako trafiko densidadea dala-eta, Bermeo, Zarautz edo Getaria moduko kostaldeko errepideak saihesteko aholkatu deutsie bizikletazaleei
Laboral Kutxako txirrindulariak entrenetan / Laboral Kutxa

Manu Gomez Arredondo Bizkaiko Txirrindularitza Federazinoko presidenteak txirrindulariz, Bizkaiko Foru Aldundiaz eta Eusko Jaurlaritzaz osotutako “mugikortasun-mahai” bat martxan jartzea eskatu dau, errepideko kolektiboaren segurtasuna hobetzeko. Izan be, bizikletazaleen eta agintarien artean “ez dago alkarrizketarik bide-segurtasunari jagokonez”.

Gomezek esan dau oso komenigarria izango litzatekeela foro hori sortzea, “askotan hobeto egin daitezkeen azpiegiturak eregiten diralako”, txirrindularien segurtasunean daukien eragina kontuan hartuta. Hori dala-eta, bide-arduradunei dei egin deutse bizikletaren erabiltzaileen “azalean jartzeko”.

Azaldu dauanez, distantzia handiak egiten dauazan txirrindulariak errespetua behar dau errepideetan. Izan be, “ez dago bidegorri nahikorik ibilbideak egiteko, eta urte asko beharko dira iristeko”, euskal lurraldean distantzia luzeko bidegorri bat egitea “zaila” dalako.

Hori dala-eta, inoiz ez deutse horrelako gunerik eskatu kolektiboak agintariei. “Urrun gaude horiek eukitetik, eta, gainera, errepideko bizikletazaleari mendate mitikoak igotzea gustetan jako, betiko errepideak erabiltea…”, azpimarratu dau.

SAIHESTU BEHARREKO ERREPIDEAK

Txirrindularitzazaleen segurtasuna hobetzeko, udan bide jentetsuenak saihesteko deia egin dau federazinoko arduradunak, hala nola kostaldeko errepideak Bizkaian eta Gipuzkoan. “Bermeo, Zarautz edo Getaria bezalako eremuetan, errepideek ez daukate bazterbiderik, zirkulazino handia dago, autokarabanak, furgonetak eta, gainera, txirrindulariz beteta egon daitekez”, zehaztu dau.

Ildo horretan, txirrindulariek saihestu beharreko beste puntu batzuk be aipatu dauz: N-1 errepidea Gipuzkoan edota Gasteiztik Nafarroara doazen errepideak. “Puntu horreek alde batera itxita, Araba ondo dago bizikletan ibilteko. Uritik azkar ateratzen da, bidegorri eta errepide asko dagoz herri artean, eta oso ondo zirkulatzen da “, zehaztu dau.

Bizkaiari jagokonez, txirrindulariarentzat “asko aldatu da Kadaguako korridorearekin”, izan be, Bilbotik Enkarterrira bizikletaz abiatzen diran kirolariek “oso errepide lasaia dabe”.

Edonola be, euskal errepide sarean “beti dago bigarren mailako errepide bat lasai ibilteko”, adierazi dau, baina txirrindularia “bide zaharrago baten bila” dabilela onartu dau, “aire klasikoago horrekin, lehen txirrindularitza zan moduan, nahiz eta seguruenak ez izan”.

ERRESPETUA ERREPIDEAN

Gidariek kontzientzia handiagoa ete daben galdetuta, Gomezek aitortu dau orain errepidean txirrindulariarekiko “errespetu handiagoa” dagoala. “Lehen danek kamioiekin bizi behar eben, garraio astunarekin, baina orain alternatiba asko dagoz eta kontzientziazino kanpainek be funtzionatu dabe”, zehaztu dau. Halanda be “muturrekoa, susto bat emoten deutsuna eta erortzen dana” dagozala esan dau. “Gidariak pazientzia mugatua dauka. Lehen txirrindulariari edo lehen taldeari lasai pasatzen izten jakon, bigarrenari be bai, baina presak eta ezinegonak gora egiten dabe eta azkenean zuhurtziarik gabeko aurreratzea egiten dabe “, deitoratu dau.

Hori dala eta, lasaitasunerako deia egin dau eta motordun ibilgailuen aurreratzea errazteko eskatu deutse txirrindulariei. “Gidari bat denpora luzez zain dagoenean, ilaran jarri eta eskuarekin seinale bat egin behar da aurreratzea erraza dala ikusten danean. Gauza horiek izugarri eskertzen dabez gidariek “, azaldu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular