Bi zilar eta brontze bat bizkaitar taldeentzat, sokatirako Munduko Txapelketako estreinakoan

Goiherri-Abadiñok eta Gaztedik lortu dabez dominak Suitzan
Goiherri-Abadiño sokatira taldea, zilarra ospatzen / Abadiñoko Udala

Suitzako sokatirako Munduko Txapelketari ederto ekin dinoe bizkaitar ordezkariek 3 dominarekin. 560 kilokoan, gizonezkoetan, Gaztedik zilarra lortu dau. Goizean, emakumezkoetan, Goiherri-Abadiñok be zilarra eskuratu dau 23 urtez azpikoetan, 500 kilokoan, eta Gaztedik Brontzea lortu dau kategoria berean.

Atzo lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa hasi zan Suitzan. 25 herrialdetako 98 talde egonda bertan. Guztira 1.280 kirolarik emon eben izena. Tartean Abadiño Sokatira Taldeko zortzi tiralari egozan eta Goiherri taldeagaz batera ari dira.

Goiherri-Abadiño taldeko emakumeek 500 kilora arteko txapelketa lehiatu eben —23 urtez azpiko mailan—  atzo goizean eta zilarrezko domina irabazi eben. Irati Abarrategi, Olatz Abarrategi eta Amaiur Uriarte abadiñarrek osatu dabe eskualdeko ordezkaritza. Sailkapen fasean lan bikaina eginda heldu dira finalera. Finalean tiraldi biak galdu ebezan urrezko domina irabazteko faboritoa zan Taipeiko (Taiwan) Jingmei Dai shi dai taldearen kontra. Edozelan be, zilarrezko domina jantzi eben euskal ordezkariek sekulako maila erakutsiz.

Aipatutako hiruez gainera, eskualdeko beste bost tiralari be egozan munduko txapelketan: Ane Abarrategi, Maui Mandaluniz (23 urtez azpikoa), Martxel Azkorbebeitia (23 urtez azpikoa), Xabier Irazola eta Asisko Arruabarrena. Datozen egunetan hainbat modalitate eta pisutan parte hartuko dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00