Iñaki Williamsek hamar partidu galdu leikez Athleticen Afrika Koparengatik

Athleticeko aurrelaria euskal taldetik urrun egon leiteke Ligako sei partidutan eta Kopako lautan
Iñaki Williams, Ghanako selekzinoarekin / GFA Communications

Athleticeko aurrelaria euskal taldetik urrun egon leiteke Ligako sei partidatan eta Kopako lautan.

Iñaki Williamsek hilabete inguru galdu leike Athleticegaz datorren urteko urtarrila eta zezeila bitartean baldin eta Ghanako selekzinoak Afrikako Koparako deialdia egiten badeutso. Ghanak 2024ko hasieran Boli Kostan jokatuko dan txapelketarako txartela lortu dau eguen honetan.

‘Izar Baltzak’ taldeak 2-1 irabazi deutso Afrika Erdiko Errepublikari Kumasin eta urtarrilaren 13tik zezeilaren 11ra jokatuko dan txapelketa kontinentalerako txartela ziurtau dau.

Ghanak Williams deitzen badau, Athleticeko 9ak hamar partidu ofizial galdu leikez denporaldiko tarte garrantzitsu batean. Joseph Aidoo, Celtako erdiko atzelaria, Afrika Koparako Ghanarekin batera joatea be leitekena dan beste jokalari bat da.

Zeintzuk partidu galduko dauz Iñaki Williamsek?

Iñaki Williamsek hamar partidu jokatu leikez Athleticen dinamikatik aldenduta. Dana Afrikako taldea txapelketa horretan noraino iristen dan jakitearen araberakoa izango da. Partida horreetako sei Ligakoak izango litzatekez, eta Errege Kopan, barriz, Ernesto Valverderen taldeak jokatuko lituken balizko finalerdiak itzuli arte.

Sevilla, Reala, Valentzia, Cadiz, Mallorca eta Almeria dira Athleticek Ligan izango dauzan aurkariak Afrika Kopa jokatzen dan sasoian. Gainera, Errege Kopari jagokonez, zozketa oraindik ez da egin eta ez dakigu zein diran euskal taldearen aurkariak. Baina Williamsek, finalera Ghanarekin helduz gero, Errege Kopako final-hamaseirenak, final-zortzirenak, final-laurenak eta finalerdietako joaneko partiduak galduko dauz, baldin eta talde zuri-gorriak kanporaketak gainditzen badauz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular